Olatz Arrizabala gernikarra, aurrera Emakumeen Master Cupean
Laboral Kutxa Emakume Master Cup lehiaketa bere faserik interesgarrienean sartu da asteburuan. Promozio mailako 141 partiden ostean, Lehen Mailako txapelketa hasi zen domekan, Elgetan.
Bederatzi pelotarik egin dute aurrera sailkapenean, euren artean Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Leire Etxaniz etxebarritarrak.
Gaur egun eskupilotan aritzen diren hamabi emakumerik onenak jokatu zuten Elgetan, hiru multzotan banatuta, eta, orokorrean, partida borrokatu eta orekatuak ikusteko aukera eduki zuten frontoia bete zuten pilotazaleek.
Arrate Bergara eta Eneritz Arrietaren kontrako partidak irabazita egin du aurrera Olatz Arrizabalagak. 18-4 eta 8-18 nagusitu zen gernikarra. Beste multzo batean jokatu zuen Etxanizek, eta partida biak irabazi zituen baita ere. Olatz Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre izan zituen multzoan, 18-9 eta 10-18 irabazi zien.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, bereziki lehiatua izan zen hirugarren multzoko norgehiagoka. “Patri Espinar, Maite Ruiz de Larramendi eta Maddi Mendizabalen arteko partidak oso luzeak eta borrokatuak izan ziren, baina ahaleginak eduki zuen saria, hirurek lortu zuten hilaren 25ean Zallan egoteko txartela”.
Eneritz Arrieta, Olatz Ruiz de Larramendi, Maider Mendizabal eta Miren Larrarte izan dira beste lau sailkatuak.