Joan den zapatuan ospatu zuten Halloween Metal Festagaz “oso pozik” geratu dira
Spookypheria Productions kultur elkarteko antolatzaileak. Azaldu dutenez,
250 pertsona inguru hurreratu ziren Kafe Antzokira metal kontzertuez gozatzera.
Jaialdia eskualdeko metal zaleentzat erreferente bilakatu da. Argazkia: Aizeder Maguregui
Lau taldeek eskainitako kontzertuekin ere oso gustura azaldu dira antolatzaileak. Etorkizun Beltzak, Morphium-ek, Vhaldemar-ek eta Rise to Fall-ek Kafe Antzokian eskainitako zuzeneko ikuskizun izugarria izan zela azpimarratu dute antolatzaileek, eta ikusleek metal kontzertuekin gau ederra igaro zutela adierazi dute. “Gau polita izan zen, eta kontzertuak entzutera hurbildu zirenen artean giro ezin hobea sortu zen”.
Dagoeneko elkarteak Bermeon Halloween Metal Festa antolatzen duen
hamaikagarren aldia da. 2008an ospatu zuten lehenengo jaialdia, eta urteak igaro ahala bai bermeotarren eta bai inguruko metal zaleen artean erreferentea bilakatu da. Antolatzaileen berbetan, “Bizkaia osotik eta urte batzuetan Gipuzkoatik ere hurreratzen izan dira” panorama horren zaleak metalaren estilo desberdinak biltzen dituen jaialdiaz gozatu ahal izateko.
“Lehenengo urtean Bermeoko talde bat eta Bilboko talde bat batu genituen, eta ez genuen askoz gehiagorik egin. Urtea pasa ahala ikasten joan gara, taldeekin kontaktuak egiten, eta gutxika-gutxika jaialdiaren maila hobetzen joan gara”.
Estiloen aniztasuna. Metalaren barruan aniztasuna bilatzea da antolatzaileak jaialdia prestatzerakoan edukitzen dute erronka nagusienetako bat. Metalak
hainbat azpigenero biltzen ditu bere baitan: besteren artean, Heavy Metala, Death Metala, Power Metala edota Symphonic Metala. Halloween Metal Festerako denetariko taldeak eta estiloak ekartzen saiatzen dira Spookypheria Productionsekoak, modu horretara publiko zabalagoa erakartzeko.
“Taldeen estiloen aldetik aniztasuna bilatzen dugu, jende guztiarentzako gustuko jaialdi bat antolatzeko modu horretara. Hori lortzea ez da erraza izaten. Metala jotzen duten talde bikainen aukera zabala dago, baina toki askotan jotzeko eskaintzak izaten dituzte”, diote antolatzaileek.
Elkartekoek jakitera eman dutenez, urte bukaerara arte atsedenaldi txiki bat hartzeko asmoa dute. Halere, datorren urte hasieran berriz ere beste musika ekitaldi bat eskainiko dutela azaldu dute,
otsailean prestatuko duten
80s party-a, hain zuzen ere.