Ordubete, hamasei minutu eta 47 segundotan egin zuen lasterketa ospetsua, eta emakumezko seniorretan
bosgarren postuan sailkatu zen. Mendiko lasterketetan ez eze, errepidean ere lehenengoen artean egoteko gaitasuna duela erakutsiz.
Katherine Switzer domekan, Behobiako irteeran.
Argazkia: Behobia-Donostia.
Aroa Merino kanariarrak
errekorra egin zuen domekan: 01:09:41. Merinok hirugarren aldiz irabazi du jarraian Behobia-Donostia. Irabazlearengandik 56 segundora helmugaratu zen Diana Martin madrildarra, eta Alicia Perez zaragozarrak (01:14:14) osatu zuen emakumezko seniorren podiuma.
Jaume Leiva izan zen domekako azkarrena; kataluniarrak ordubete eta hogei segundo markatu zituen helmugan. Gizonezkoetan, bi euskal herritarrek osatu zuten podiuma: Iraitz Arrospide tolosarrak eta Ivan Fernandez gasteiztarrak. Arrospide Leivarengandik minutu bat eta 25 segundora ailegatu zen, eta Arrospiderengandik bederatzi segungora amaitu zuen Fernandezek.
Gero eta emakume gehiago. Korrikalariei dagokienez, urtez urte markak hausten ari da Behobia-Donostia. Bosgarren aldiz, 30.000 korrikalari baino gehiagok izena eman zuten lasterketan, eta 26.027 animatu ziren lasterketan parte hartzera. Horietatik 24.914 helmugaratu ziren; 241k lasterketa utzi behar izan zuten. Helmugara iritsitakoen artean 965 deskalifikatu zituzten.
Eta aurten ere emakumezkoen parte hartzea igo egin dela azpimarratu dute antolatzaileek. Errekorra ezarri dute, korrikalarien %24,1era iritsiz. Bestalde, Behobia gaztean 204 korrikalari elkartu ziren (248 gaztek aurrez izena eman zuten).
Hain zuzen, hainbat modalitatetan eta kategoriatan egiten dute proba. Roller kategorian, esate baterako, Aitor Vacas eta Idoia Martínez de la Fuente nagusitu ziren.
Omenaldia. Aurten Katherine Switzer estatubatuarra korrikalaria omendu dute. Ofizialki maratoi batean parte hartu zuen lehen emakumezkoa da. Behobiako irteera-puntuan egon zen, eta oroigarria eman zioten. Bostoneko Maratoian eraman zuen dortsalaren zenbakia (261) zeukan koadroa oparitu zioten. Halaber, Donostiako helmugan eta sari banaketa ekitaldian ere parte hartu zuen.