Euskararen 11 egunak iristear daudela, eskualdeko herrietan Euskaraldiari hasiera emateko prestaketak egiten dabiltza azken hileotan.
Bermeon, esaterako,
ekimenaren aldeko argazkia atera dute udalbatzak, udal korporazioak eta langileek. “Udalak erakunde moduan, eta udala osatzen dugunok ere, protagonista izan gura dugu ekimen honetan”, azpimarratu dute Idurre Bideguren Bermeoko alkateak eta Nere Mintegi eta Leire Bilbao udaleko langileek.
Agerrialdian azaldu dutenez, herri mailako euskararen normalizazioan “eragile garrantzitsua” da udala. Horren erakusgarri bezala, Euskaraldiaren ariketa sozialean parte hartuko duten
100 langile baino gehiagok eta udal korporazioko kide guztiek izena eman dutela nabarmendu dute.
Udaleko langileak, Euskaraldiaren aldeko argazkian. Argazkia: Bermeko Udala.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra iraungo duen Euskaraldian
gehienak Ahobiziak izango direla argitu dute. “Euskararen alde egotetik, gehiago egitea izango da udalaren jausia; gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta gure arteko komunikazioetan eta herritarrekiko komunikazioetan euskara gehiago egitea”, gaineratu dute.
Aldarrikatu dutenez, Bermeoko Udalak “babesa eta borondatea erakutsi du beti euskararen normalizazioaren alde” eta “Euskaraldiaren olatuan murgildu eta erabileraren aldeko beste jausi bat gehiago egiteko prest gaude udaleko langileak eta arduradunak”.
Era horretara, “Bermeo herri euskalduna izan da eta herri euskalduna izaten jarraitzea nahi dugu”. Helburu hori lortu ahal izateko herritar guztien ekarpena “beharrezkoa” izango dela adierazi dute: “norbanako, erakunde, elkarte edota enpresekin jadanik ia
2.000 herritarrek Euskaraldian parte hartzeko izena eman dute eta herritar guztiak ahobizi edo belarriprest izatera animatu nahi ditugu”.
Nabarmendu dutenez, euskarari behar duen garrantzia ematea ezinbestekoa da. “Aurreiritziak alde batera utzi, euskarari balioa eman, erabaki irmoa hartu, eta euskaraz egin ahal duguna euskaraz egin. Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera egiteak, erosotasuna, babesa eta laguntza dakartza. Modu horretan denok irabaziko dugu, euskarak ere bai”, esan dute.
‘Auntxekutan bai’. Euskaraldiarekiko jarrera aktiboa erakusteko,
Auntxekutan bai izeneko
bideoa prestatu du Bermeoko Udalak. Azaltzera eman dutenez, “bideo hori urrats bat gehiago da euskarak nagusitasuna eta indarra hartzeko esparru publikoan zein herri mailan”.
Horretarako, bideoan agertzen diren protagonisten bitartez,
herritarrak eta udalak egiten ari diren ahaleginari ikusgarritasuna eman, eta aldi berean euskararen aldeko hizkuntza-arau sozialari protagonismoa eman gura izan diote. Beste hizkuntza gutxitu bat daukan herri batetik dator protagonista nagusia, Valentziatik, eta euskara ikasten hasi eta prozesu osoa egin duen herritarra islatu gura izan dute; euskara ez jakitetik, Belarriprest eta Ahobizi izatera heldu arte.
“Euskarari zor diogun errespetua, euskararen balioa eta zenbait kolektiboren eredugarritasuna sustatu eta azpimarratu gura izan dira bideoan, euskararen aldeko hautua egiten duten zenbait herritar eta langile publikoren bitartez”, azaldu dute.
Txapa banaketa, Mundakan eta Muxikan. Muxika, Ibarruri eta Gorozikako Euskaraldiko kideek jakitera eman dutenez, herritarrek eguenean (azaroak 22) jaso ahalko dituzte txapak Zubieta Errotan, 16:00etatik 20:00etara. Gaur infogunea jarriko dute Urretxindorra eskolan, 16:00etan.
Mundakan, ostera,
asteburuan egingo dute txapa banaketa. Barikuan (azaroak 16)
19:30ean arituko dira txapak banatzen
herriko plazan.
Zapatuan, berriz,
Goiko Plazan egongo dira,
12:00etatik aurrera. Euria eginez gero, plazan egongo direla zehaztu dute.