Apirilaren 4tik 14ra, eskutik eskura, Euskal Herri osoa zeharkatzeko helburua izango du lekukoak. Klika lelopean, Nafarroako Gares herrian hasi, eta Arabako hiriburuan amaituko da.
Konpromisoaren Korrika, garai berri baten Korrika izango dela esan dute gaur. Hain zuzen, leloagaz, euskararen aldeko hautua egiteko eta euskararen aroarekin bat egiteko deia zabalduko du AEK-k. “Klika aukera bat hartzea da; euskararen aukera hartzea, hautua egitea. Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klik egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea. Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da”, azaldu du Asier Amondo Korrikaren arduradunak.
Mertxe Mugika AEKren Koordinatzaile Nagusiak 39 urteko ibilbide guztia gogoan izanda eta etorkizunean indarrak jarrita, hitzordu honetara “inoiz baino gogotsuago” ailegatu direla adierazi du.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan… ekarri zituen aldaketa azpimarratu dituzte gaur Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian. Euskara batua sortu zuteneko urteurrena gogora ekarriko dute. Euskara batuak egindako ekarpena oinarrizkoa izan zela, eta horretan Txillardegik izan zuen parte hartzea aitatu dituzte: “Egundoko lana egin zuen, eta euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogu”. Leloarekin lotuta, adierazi dute Txillardegik “klika” eragin zuela euskararen arloan: “Kezka nagusia zuen aldarrikatzea herriak hizkuntza beharrezkoa duela eta Euskal Herriak euskara ezinbesteko ezaugarria duela”.
Argazkia: AEK.
Mugikak azaldu du 21.Korrikagaz jasotako dirua Euskal Herri osoko euskaltegiei laguntzeko izango dela: “Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa duen helduen euskalduntzea bizkortzea nahitaezkoa da. Gaur berriro esango dugu ozen eta argi euskara ikastea doakoa izan behar dela, eta horretarako oraindik pauso asko emateko daude”. Euskaraz bizitzea “erronka globala” dela eta Korrika bera “auzolan erraldoia” dela deritzo AEK-ko kideak.
“Aktibazio garaia da. Duela lau urteko Korrikak euskaahalduntzeko deia egin zuen. Orain aliantza estrategikoak abian dira. Duela bi urteko Korrikako argazkitik haratago joan gara. Administrazioa aldeko dugu, herritarrak eta eragileak prest gaude. Hortaz, aukera hau harrapatu nahi eta behar dugu. Hausart jokatzeko garaia da; aldekotasuna ekimen zehatzetara eroan behar dugu”, azpimarratu du Mugikak.
Gaur zehaztu dutenez, hilabete pare bat barru emango dituzte ibilbideri buruzko xehetasunak. Hala ere, dagoeneko Korrikaren inguruko jardunak martxan jarri dituzte, eta esate baterako, Korrika laguntzaile egiteko aukera zabalik dago, eta herriz herri hasiko dira batzordeak sortzen.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.