Lur azpiko altxorrak
Ekoetxea Urdaibain ikusgai jarri duten 'Lur barnetik azaleratzen den ura' erakusketa era ezin hobea da inguruan, lurraren azpian ezkutaturik dauden sekretu likidoak ezagutzeko.Espaziotik begiratuta, Lur planeta ia guztiz urdina dela ikusi daiteke. Itsa...
Ekoetxea Urdaibain ikusgai jarri duten ‘Lur barnetik azaleratzen den ura’ erakusketa era ezin hobea da inguruan, lurraren azpian ezkutaturik dauden sekretu likidoak ezagutzeko.
Espaziotik begiratuta, Lur planeta ia guztiz urdina dela ikusi daiteke. Itsasoek eta ozeanoek urez betetzen dituzte Lurreko ia zoko guztiak, eta hori argi ikus daitekeen zerbait da. Hala eta guztiz ere, planetako biztanleriaren zati handi batentzako ezezagunak dira ezkutaturik dauden urak, inguruetan lur azpitik mugitzen ari diren urak, hain zuzen ere.Horiek herritarrei ezagutzera emateko asmoagaz, Lur barnetik azaleratzen den ura erakusketa prestatu dute Ekoetxea Urdaibain.
Erakusketaren antolaketa eta prestakuntza Uraren Euskal Agentzia eta Ataria zentroaren esku egon da. Aldi baterako erakusketa horren bitartez lurpeko uren errealitatea herritarrei hurbildu, horien ezagutza zabaldu eta urak zaintzearen garrantzia era atsegin eta dibulgatzailean adierazi nahi izan dute.
Lanen bildumari jarri dioten izenburuak argi adierazten du zer ikusi eta ezagutzeko aukera edukiko duen bisitariak: lurrazalaren azpitik dagoen, eta ondoren, iturri, iturburu, ainguraleku eta jariolekuetatik agertzen diren urei buruz jakin beharreko xehetasun eta informazio guztia azaltzen dute, horretarako zenbait bitarteko erabiliz.
Antolatzaileen ustetan, nahiz eta lurpeko ura kontzeptu intuitiboa eta argia izan beharko litzatekeen, gizartean oraindik «ezjakintasun handia» dago.
Hori konpontzeko helburuagaz, kontzeptu hidrogeologiko interesgarriak ezagutzera emateko lurpeko uren izaerari buruzko ibilbide dibulgatzaile bat prestatu dute Ekoetxean. Esate baterako, lur azpiko urak zer diren, akuiferoak zer diren, nola funtzionatzen duten, gizakiak zer nolako erabilera ematen dien, eduki ditzaketen erabilera potentzialak edo zerk eraso egiten dien eta zein arrisku izan ahal dituzten azaldu dute, besteak beste, diagramen bitartez.
Azpian daukaguna sentituz
Diagramekin batera, inguruetako iturburu ezberdinen argazki bilduma handia jarri dute ikusgai. Irudietan, kobazuloetan gertatzen diren fenomeno naturalak, lurpeko ibaiak edo horiek doazen haitzuloen ikuspegi izugarriak azaltzen dira.
Akuiferoen kokapena zein den ere ezagutzera eman gura izan dute. Horregaz batera, akuifero baten lurpeko uraren zirkulazioagaz esperimentatu edo karst bat zer den eta zelan funtzionatzen duen ezagutu ahal da, ebakidura geologikoaren infografia baten bidez. Lurpeko ibaiak doazen haitzuloen plano topografiko historiko eta gaurkotuak ere baditu erakusgai.
Bukatzeko, lurpeko uren ikerketa eta ustiapenerako zundaketagaz lotuta, dauden materialen katalogo zabala aurkituko du bisitariak erakusketan, baita akuiferoekin lotuta dauden piezometroak, urak ateratzeko ponpak edo ohikoak diren harri lagin batzuk: kareharriarenak, adibidez.
Ikustekoa denez, gizakiarentzat ezinbestekoa den zerbait begien aurrean izan arren, askotan jatorria ezkutuan egon daiteke.
Lur barnetik azaleratzen den ura erakusketa doakoa da, eta abenduaren 16ra arte egongo da ikusgai, Ekoetxea Urdaibain.