Memoria historikoa lantzen duen proiektuaren azken topaketa ari dira egiten
'Venues of Victims / Venues of Perpetrators' proiektuaren azken batzarra egingo dute eguenean; esperientziak eta ezagutzak partekatuko dituzte. Bost egunetan, Astran batuko diraAtzo hasi eta eguenera arte, Venues of Victims / Venues of Perpetrators pro...
‘Venues of Victims / Venues of Perpetrators’ proiektuaren azken batzarra egingo dute eguenean; esperientziak eta ezagutzak partekatuko dituzte. Bost egunetan, Astran batuko dira
Atzo hasi eta eguenera arte, Venues of Victims / Venues of Perpetrators proiektuaren azken topaketa egiten ari dira Gernika-Lumon. Urte hasieran hasitako proiektuan parte hartu duten hamabi herrialdeetako kideak Astran batuko dira aste osoan, eta giza eskubideei eta memoria historikoari buruzko ikuspegiak aztertuko dituzte.Proiektuagaz, Europako herrialde bateko zein besteko gertakizunen kontaerak eta ikuspuntuak jaso dituzte. Apirilean Alemanian egin zuten proiektuaren lehen bilera, eta Gernika-Lumon emango diote aste honetan bukaera. Udaberrian Weimarren (Alemania) egin zuten bileran proiektua bultzatzeko estrategiak landu zituzten. Gero, Polonian elkartu ziren, eta udan herrialde ezberdinetako gazteak Kroaziara joan ziren giza eskubideen eta memoria historikoaren lanketa praktikan jartzeko.
Hamabost egunetan Kroazian egon ziren Gernika Gogoratuz elkarteak aukeratutako bost gazte; Maitane Uriarte taldeko burua, Elia Malaxetxebarria eta Xabier Oianguren gernikarrak, German Azumendi eta Kristina Bilbao bermeotarrak eta Javier Hernandez salamankarra.
Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko Ikerkuntza Elkartea da Venues of Victims / Venues of Perpetrators proiektuari amaiera ematen dion topaketaren anfitrioia, eta ikasitakoari buruzko «hausnarketa lana» egingo dutela jakinarazi du. Proiektuan parte hartu duten hamabi herrialdeetako 35 ordezkari hurbildu dira udalerrira, eta dagoeneko hezkuntzan historiako eta politikako gaiak nola lantzen diren aztertzen dabiltza. Gainera, gaur egungo diskurtsoetan hiritartasun demokratiko eta giza eskubideak zelan lantzen diren ere ikusiko dute.
Bost egunetan, Kroazian egon ziren 60 gazteek ikasitakoa partekatuko dute ordezkariek Astran. Aste osoan, Gernika-Lumo bisitatuko dute bertaratutakoek, baita Batzar Etxea, Gernikako Arbola eta Gernikako Bakearen Museoa ere. Gainera, giza eskubideak lantzeko interesgarriak izan daitezkeen beste hainbat leku ere ikusiko dituztela jakinarazi dute arduradunek.
Pentsamendu kritikoa
Eguenean Astran egingo duten azkenengo bileraren asmoa ezagutzak eta esperientziak partekatzea eta pentsamendu kritikoa bultzatzea dela argitu dute.
11:00tatik 13:00etara, proiektuaren azken aurkezpen publikoa egingo dute, eta bertara, Seber Altube Ikastolako, Gernika-Lumoko Institutuko eta Barrutialde Institutuko ikasleak joango direla jakinarazi dute.
Azkenengo batzarrean, proiektuaren helburuak ezagutaraziko dituzte, eta horregaz batera Kroaziara joandako gazteek Europako Batasuneko Erasmus+eko bake, kooperazio eta giza eskubideen arloko programetan izandako esperientzien berri emango dute.