Ekoetxea Urdaibain aurkituko dugun
Lur barnetik azaleratzen den ura erakusketa gure inguruan, lurraren azpian ezkutaturik dauden sekretu likidoak ezagutzeko era ezinhobea da.
Ezpaziotik begiratuta, gure planeta ia guztiz urdina dela ikusi dezakegu. Itsasoek eta ozeanoek urez betetzen dituzte lurreko ia zoko guztiak, eta hori argi ikus daitekeen zerbait da. Hala ere, planetako biztanleriaren zati handi batentzako ezezagunak dira ezkutaturik aurkitzen diren urak, gure inguruetan, lurrazpitik mugitzen ari diren urak, hain zuzen ere. Horiek herritarrei ezagutzera emateko asmoagaz prestatu dute erakusketa.
Erakusketaren antolaketa eta prestakuntza Uraren Euskal Agentzia eta Ataria zentroaren esku egon da. Aldi baterako erakusketa honen bitartez “lurpeko uren errealitatea herritarrei hurbildu, horien ezagutza zabaldu eta gure urak zaintzearen garrantzia era atsegin eta dibulgatzailean adieraztea” bilatu dute antolatzaileek.
Lanen bildumari jarri dioten izenburuak argi adierazten du zer ikusi eta ezagutzeko aukera edukiko dugun bertan: lurrazalaren azpitik dagoen, eta ondoren, iturri, iturburu, ainguraleku eta jariolekuetatik agertzen diren urei buruz jakin beharreko xehetasun eta informazio guztia azaltzen dute, horretarako zenbait medio desberdin erabiliz.
“Ezjakintasun handia”. Antolatzaileen ustetan, nahiz eta “lurpeko ura” kontzeptu intuitiboa eta argia izan beharko litzatekeen, gizartean oraindik “ezjakintasun handia” dago. Hori konpontzeko helburuagaz, kontzeptu hidrogeologiko interesgarriak ezagutzera emateko lurpeko uren izaerari buruzko ibilbide dibulgatzaile bat prestatu dute ekoetxean.
Esate baterako, lurrazpiko urak zer diren, akuiferoak zer diren, nola funtzionatzen duten, zer nolako erabilera ematen diegun, izan ahal dituzten erabilera potentzialak edo zerk erasotzen dieten eta zein arrisku izan ahal dituzten azaltzen dute diagramen bitartez, beste batzuen artean.
Azpian daukaguna sentituz. Diagramekin batera, gure inguruetako iturburu ezberdinen argazki bilduma jarri dute ikusgai. Irudietan, kobazuloetan gertatzen diren fenomeno naturalak, lurpeko ibaiak edo horiek doazen haitzuloen ikuspegi izugarriak azaltzen dira.
Iturburuez gain, akuiferoen kokapena zein den ezagutzera ematen dute, baita akuifero baten lurpeko uraren zirkulazioarekin esperimentatu, edo karst bat zer den eta zelan funtzionatzen duen azalpenak eman ere, ebakidura geologikoaren infografia baten bidez. Erakusketak, gainera, lurpeko ibaiak doazen haitzulo ezberdinen plano topografiko historiko eta gaurkotuak ditu erakusgai.
Bukatzeko, lurpeko uren ikerketa eta ustiapenerako zundaketagaz lotuta, dauden material ezberdinen katalogo zabala jarri dute erakusgai, baita akuiferoekin lotuta dauden piezometroak, urak ateratzeko ponpak, edo ohikoak diren harri lagin batzuk: kareharriarenak, adibidez.
Lur barnetik azaleratzen den ura erakusketa doakoa da, eta abenduaren 16rarte egongo da Busturiko Ekoetxea Urdaibain.