Basurdeek etxean lortu dute denboraldiko bigarren garaipena
Gernika Rugby Taldeak denboraldiko bigarren garaipena etxean lortu zuten domekan. Hain zuzen ere, basurdeek Urbietan irabazi duten lehen partidua izan zen. CR La Villari 18-13 irabazi zion talde gernikarrak, 6. jardunaldian.Gainera, asteburuko emaitzen...
Gainera, asteburuko emaitzen ostean, talde gernikarrak azken postutik irtetea lortu du; Complutense Cisneros dago sailkapenaren hondarrean, 8 puntugaz. Gernika RT azkenaurreko postuan dago 11 puntugaz, eta aurretik puntu kopuru beragaz dago Hernani CRE.
Heineken Ligan hasiera eskasa izan du taldeak, baina, orain, bi partidu jarraian irabazi ditu.
Basurdeak etxeko lehen garaipenaren bila zelairatu ziren domeka eguerdian, eta partidu hasiera bizia izan zen. Santi Viaña eta Joaquin Palisa argentinarren arteko jokaldi baten ostean, Xabier Albizuak izan zuen markagailua estreinatzeko lehen aukera garbia. Albizuak ez zuen lortu, baina berehala etorri ziren etxekoen lehen puntuak. Zigor kolpe bati esker, Viañak lehen hiru puntuak eskuratu zituen.
Hurrengo minutuetan talde valentziarra esnatu, eta etxekoen zelaian sartzen hasi zen. Helburua jokoan presentzia bereganatzea bazen ere, ez zuten arrisku handiko jokaldirik sortu. Bi taldeak berdintsu zirela ailegatu zen etxekoen lehen entsegua; Viañak ez zuen transformatu. 8-0ko markagailuagaz sartu ziren lehen zatiko azken txanpara.
La Villako jokalariak puntuak lortzeko ahalegin betean aritu ziren. Erasoko jokaldiekin saiatu ziren etenik barik, baina etxekoen defentsa sendoak puntuak lortzea eragotzi zien. Hala, Eneko Zabalak txartel horia ikusi zuen, eta bisitariek beren lehenengo entsegua egin zuten: 8-5. Emaitza horregaz joan ziren aldageletara.
La Villaren jokoa hobetu
Lehen zatiaren amaieran valentziarrek euren jokoa hobetu zuten, eta bigarren zatia ere indartsu hasi zuten. Basurdeak estu hartu zituzten, eta markagailua berdintzea lortu zuten.
Alabaina, bisitarien momenturik onenetan, etxeko taldeak beste entsegu bategaz erantzun zien (13-8). Viañaren entseguari jarraituz, Bruno Mercantik beste marka bat lortu zuen, errenta hamar puntura handituz: 18-10.
Hala eta guztiz ere, garaipena lortzeko borrokan zeuden bi taldeak, eta, ondorioz, jokaldi guztiek zeukaten berebiziko garrantzia. Hala, 77. minutuan, valentziarrek entsegua egin zuten, markagailuko aldea murriztuz: 18-13. Eta partiduko azkenengo minutuetan zenbait jokaldi arriskutsu egin zituzten. Hala ere, talde gernikarraren defentsa lan sendoari esker bost puntuko aldeagaz amaitu zuten norgehiagoka.