Adin guztiak korrikan jarriko ditu bihar, XI. Lekitto Bixirik herri krosak
Aringa aringan egiteko prestatzen ari dira lekeitiarrak, bihar lehiatuko da-eta herrian zehar Lekitto Bixirik herri krosa. Lekeitioko XI. Herri Krosean parte hartzeko aukera badago oraindik, eta izena posta elektronikoz emateko azken eguna gaur izango ...
Hala ere, azken orduan parte hartzea erabakitzen dutenek ere edukiko dute izena emateko aukera egunean bertan, lasterketa baino 30 minutu arinagora arte. Kontzijopean jarriko dituzte izena emateko mahaiak. Izen ematea 5 eurokoa izango da aurretiaz eginez gero, eta 7 eurokoa egunean bertan.
XI. Lekitto Bixirik Herri Krosa Amandarri Triatloi Taldeak antolatzen du aurten. Guztira lau lasterketa prestatu dituzte, adin maila desberdinetako kirolarientzat. Horrela, 3 urtetik gorako guztiek izango dute aringa-aringa egiteko aukera. Abadeen moilaren hasieratik hasiko dute lasterketa parte hartzaileek, helmuga, berriz, kioskoaren ondoan egongo da.
11:30ean hasiko dira umeen lasterketak. Lehenengo HH3, HH4, HH5 adinetako umeek egingo dute aringa-aringa 450 metroko ibilbidea eginez. Horien atzetik, 11:45ean, LH1etik LH3ra bitartekoek 1.050 metroko ibilbidea egingo dute, eta LH4 eta LH6 urte bitartekoek 1.400 metroko ibilbidea bete beharko dute, 12:00etan irtenda. Ume eta gaztetxoen lasterketak moilan eta portuan zehar izango dira.
Azken lasterketa DBH1etik gorakoentzat (2006 urtetik aurrerakoak) izango da. 12:15ean hasiko dute krosa, eta herrian zehar luzatuko den 5 kilometro eta erdiko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, lehenengo gelditzen direnek otzara bat edukiko dute sari modura. Bestalde, parte hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dituzte: Errigorako otzarak, Artez fisioterapia zentroko masajeak edota Santi gozotegiko pastelak.