Ondarroan materiala batuko dute saharar kanpamentuetarako
Ondarroako Yaalah elkarteak eskola materiala eta osasun materiala lortzeko kanpaina hasi du. Materiala uzteko azken eguna azaroaren 16a izango da. Eskola materiala herriko lau ikastetxeetan jasoko da; eta osasun materiala, berriz, herriko farmazietan. ...
Eskatzen den eskola materialaren artean daude arkatzak, margoak, atxingiak, zorrozkiloak, erregelak, koadernoak, boligrafoak, estutxeak eta motxilak. Osasun materialari dagokionez, medikamentuak eskatu dituzte, hau da, kadukatu barik dauden analgesikoak, erre botikak, umeentzako hibuprofenoa, zauriak sendatzeko materiala, sabelerako botikak eta jarabeak, besteak beste.
Yaalah elkarteak Bir ganduz 2018 proiektua gauzatuko du abenduan Tindufeko Saharar errefuxatuen kanpamentuetan. «Aurten lehenengo elkartasun bidaia izango denez, helburu nagusia zera da: elkarteko kideok Bir Ganduz herrira joanda bertako errealitatea gertutik ezagutzea, herri horregaz hurrengo urteetako proiektuei begira harremanak sendotzea eta hemendik eramandako diru kopuruagaz herritar saharararren beharrizan oinarrizkoenak asetzen ahalegintzea».
Bertan egingo duten lanetatik aparte, hegazkin bidaia aprobetxatuz, materiala eramango dute, eta horregatik egin dute botikak eta eskola materiala lortzeko deialdia herritarren artean.