Dia Ligan lau jardunaldi lehiatu dituzte dagoeneko, eta Gernika-Lumoko taldeak orain arteko partidu guztiak irabazi ditu.
Azken garaipena zapatuan lortu zuen, etxean.
56-51ko emaitzagaz amaitu zen Lointek Gernika Bizkaiaren eta Cadi La Seuren arteko neurketa.
Emakumezkoen Ligaren sailkapenean hirugarren postuan dago talde gernikarra, 8 puntugaz. Hain zuzen ere, sailkapeneko lehenengo lau taldeak zortzina puntugaz berdinduta daude. Girona dago lider, eta Avenida bigarren. Lointeken atzetik, berriz, RPK Araski talde gasteiztarra dago.
Mario Lopez Lointekeko entrenatzaileak defentsa lana nabarmendu zuen atzo, eta erasoan ausardia gehiagogaz eta oldarkorrago jokatzea falta izan zitzaiela zeritzon: “Defentsan egindako lanagaz pozik nago. Partiduaren momentu batzuetan ez dugu erasoan asmatu, eta defentsak salbatu gaitu. Ez gara fin ibili erasoan; erritmo motela izan dugu. Jaurtiketak ez ditugu ondo aukeratu, eta lekuz kanpoko jaurtiketak egon dira. Defentsa-errebotean ere arazoak izaten ari gara”. Cadi La Seu aurkari gogorra dela adierazi zuen, 40 minutuetan atsedenik hartzen ez duenetakoa. Gironan jasotako
porrotak eragina izan zuela uste du, baina, hala ere, jokalariak uneoro “partiduan sartuta” egon zirela zehaztu zuen.
“Garrantzitsuena garaipenak pilatzen segitzea da. Egiten eta lortzen ari garenagaz pozik gaude, eta batik bat ditugun sentsazioekin”, azaldu zuen gernikarrak.
Argazkia: Gernika KESB.
Indar eta fisiko “pultsu ikusgarria” izan zen zapatukoa. Lehen minutuetan saskiratzea ezinezkoa izan zitzaien bi taldeei. Hala ere, 7-0ko partziala lortu zuten etxekoek. Beranduago, hiruko jaurtiketak izan ziren protagonistak. Asko eskatzen zuen neurketa zen, eta intentsitatea mantentzeko txandakatzeak beharrezko izan zituzten. 16-11ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena. Ondoren, bi taldeek elkar estutzen jarraitu zuten. Esaterako, Ariztimuñok aurkariek huts egite asko egitea ahalbidetu zuen, eta Diezek bere eraginkortasuna agerian utzi zuen. Sei minutu eta erdian 3-5ko partziala lortu zuen talde katalanak. Atsedenaldirako bi minuturen faltan, bisitariak aurretik ziren (19-21). Bigarren laurdena amaitu aurretik markagailua berdindu zuten etxekoek; hiru jaurtiketa libreetako bat saskiratu zuen Diezek.
23na berdinduta amaitu zuten lehen zatia, eta hirugarren laurdena hastean, etxeko taldea markagailuan aurretik jarri zen. Lointeken etengabeko defentsa aldaketak aurkaria zorabiatu zuten. Ariztimuño bikain aritu zen, asistentziak zein saskiratzeak lortuz. Baina, etxeko taldeari hiruzpalau jokaldi on egitea falta izan zitzaion markagailuko aldea handitzeko. 42-38ko emaitzagaz heldu ziren azken laurdenera. Bi taldeek garaipena gura zuten, eta hori argi utzi zuten. Cadi La Seuk aurre hartu zuen markagailuan: 43-47. Orduan, Lopezek hutsartea eskatu zuen. Jarraian, Gwathmeyk hirukoa egin, eta apurka-apurka etxeko taldeak partiduari buelta eman zion. Emozio biziak azken momentura arte jarraitu zuen.
Argazkia: Gernika KESB.
Etzi, EuroCap-a. Denboraldi hasiera bizia daukate Lointekeko jokalariek. Ligaren eta EuroCup Women txapelketaren partidu asko jokatzen ari dira.
EuroCup Women txapelketaren
Taldekako Faseko etxeko lehen partidua etzi [urriak 31] jokatuko dute. Lointekek CMB Cargo Uni Györ talde hungariarraren kontra jokatuko du 20:00etik aurrera.
Zapatuan [azaroak 3], berriz, etxetik kanpo lehiatuko du
Dia Ligaren 5. jardunaldia. Quesos El Pastor-en kontra jokatuko du Zamoran, 19:30ean hasita.