Urriko Azken Astelehena Masterraren finalerdiak jokatuko dituzte bihar
Sarrerak aurrez eros daitezke Turismo Bulegoan; txarteldegiak ordubete lehenago irekiko dira
Batetik, Goikoetxea eta Hernandezek Hormaetxea eta Ekhiren kontra jokatuko dute; bi atzelari gasteiztarren arteko duelua egongo da, beraz. Halaber, denboraldi honetan, Goikoetxeak eta Hernandezek elkarregaz bikotea osatu duten lehenengo aldia izango da.
Beste finalerdian, berriz, Olharan-Lopez eta Olha-Minvielle bikoteak lehiatuko dira finalerako txartelaren bila.
Hain zuzen, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) jokatu berri duten Munduko Txapelketaren bi finalista egongo dira Gernika-Lumon. Aritz Erkiaga ispastertarragaz Munduko txapeldun izendatu berri da Jonatan Hernandez Duke gasteiztarra. Eta txapeldunorde geratu da Paueko Jean Olharan. Azken horrek Nicolas Etchetogaz lehiatu du aipatu txapelketa, eta Etcheto Gernika-Lumon egotekoa bazen ere, azken orduko baja izan da. Izan ere, Bartzelonako finalean min hartu zuen besoan.
Era berean, Alex Hormaetxea bermeotarraren joko biziaz gozatzeko gogotsu daude eskualdeko zaleak, eta Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak ohiko duen erakustaldia ematea espero da.
Iazko finala, esaterako, emozio bizikoa izan zen. Mikel Egigurenek eta Txabi Inzak Unai Lekerika gernikarrari eta Erkiagari irabazi zieten, berdinketa hausteko hirugarren set-ean nagusitu ostean. Orain dela bi urte Egigurenek eta Enbilek lortu zuten garaipena, Hormaetxea eta Lopezen kontra, eta 2015eko Azken Jai Alain Hormaetxea eta Eric Irastorza nagusitu ziren, Lekerika eta Diego Beaskoetxea gernikarren kontra.
Musika ezin falta. Jai Alai & Music formatuari eutsiz, musikak eta kirolak bat egingo dute beste behin, Jai Alai frontoian. Eskillarapeko Jazz Trio taldearen eta Lon DJ Twisten doinuek girotuko dute biharko arratsaldea, eta astelehenean, ostera, aipatu DJa ariko da musika jartzen.
*URRIKO AZKEN ASTELEHENEKO ALBISTEAK: