Unai Iglesias Iturbe da Asegarceko kudeatzaile berria
Lea Ibarra Motrollo esku pilota taldeko arduraduna da Iglesias, eta gaurtik aurrera Asegarce pilota enpresaren kudeatzailea ere bada. Albistea gaur [urriak 26] eman du jakitera Asegarcek. Iglesiasek HITZAri jakitera eman dionez, Asegarcek duela hilabete egin zion kudeatzailea izateko proposamena. “Buelta batzuk eman eta gero, eskaintza onartzea erabaki dut”.
Erronka berriari “ilusioz” ekin diola dio Gernika-Lumoko bizilagunak. “Niretzako aukera hau polita da. Azken finean, futbol munduan Championsean aritzea bezalakoa da”. Iglesiasek betidanik eduki du lotura pilota munduagaz. Gustuko du mundu hori, eta horren adibide da Lea Ibarra Motrollon urte askoan egin duen eta egiten jarraitzen duen lana ere. “Kargu berria hartuta ere, Lea Ibarra Motrollo taldean jarraituko dut. Lan hori gustura egiten dut. Ez dut ezta pentsatu ere egin taldea uztea”.
Asergarceko kudeatzaile izateak denbora gehiago kenduko dionez, aurrerantzean, Lea Ibarra Motrolloko arduradun nagusia Gontzal Uriona izango dela esan du. “Uriona, Andoni Aretxabaleta eta ni ariko gara taldean”.