Ilusioz beteta datoz baserritarrak Gernikara
Urriko Azken Astelehenekoa egun benetan berezia da inguruko baserritarrentzat. Hori dela eta, gogo handiz hartzen dute beraien produktuak jendearen aurrean jarri eta saltzeko ordua
Felix Uriartek bizitza osoa darama baserrian indabak erein eta horiek saltzen, eta bere esanetan, argi dauka Urriko Azken Asteleheneko azokak berebiziko garrantzia daukala. Nekazariak Bilbon abenduan ospatzen den San Tomas eguneko azokagaz alderatzen du Gernika-Lumokoa. “Ilusioa egiten du Urriko Azken Asteleheneko azoka egunak, asko saltzea lortzen dugu bertan, eta inguruko azokarik onenetarikoa da”, dio Uriartek. Hala ere, azken hamar urteetan salmentek behera egin dutela argitu du: “Gaur egun bisitariak azokara eguna igarotzera hurbiltzen dira» azaldu du, eta «eskuetan ez dute zamarik eraman nahi”. Azokak eta bisitariek izan duten aldaketa kontuan hartuta, “almentek onak izan jarraitzen dutela” adierazi du Uriartek, baina “aldaketa nabaria izan dela”. Jacqueline Txertudik, beste alde batetik, zazpi urte daramatza Urriko Azken Astelehenean bere produktuak saltzen. Salmahaian Gernika eta bere inguruetan landaturiko denetariko ortuariak aurki ditzakegu. Dena den, indabek berebiziko garrantzia daukate Txertudin postuan, eta Gernikako Indabez gain, Tolosakoa, beltza eta zuria saltzen ditu. Azaldu duenez, azokara hurbiltzen direnek gaztak edota bestelako produktuak “kapritxo modura” erosten dituzte, baina ortuariek etorkizunean berriz erostera animatuko diren bezeroak erakartzen dituzte.Urteko egunik garrantzitsuena da astelehenekoa baserritarrentzat

Indabek berebiziko garrantzia daukate Jaquelin Txertudiren postuan, eta Gernikako Indabez gain, Tolosakoa, beltza eta zuria saltzen ditu.
Ikusi eta ukitu. Horren harira, produktuaren aurkezpenak daukan garrantzia ere nabarmendu nahi izan du. Adibidez, duela urte batzuk indabak zaku txikietan saltzeko moda ezarri zela gogoratu du. Gaur egun ere, azokan horrela eskaintzen dituztela dio, baina bezeroarentzat produktua bera ikustea garrantzitsuagoa dela azpimarratu du: “Indabak pilaka ikusi eta ukitzea gustatzen zaio bezeroari. Zakuetan jarrita polito geratzen da, baina produktua ezkutatuta dago, ez dute ikusten”. Hala, erosleari generoa ikusteak “ilusioa” egiten diola dio Uriartek. Ez hori bakarrik, bere ustetan, kalitatezko zigilu eta bestelako markak ere alde batera geratzen ari dira azkenaldian. “Duela urte batzuk Eusko Label markak balio zuen, bezero batzuk horren bila ibiltzen ziren. Baina gaur egun nahiago dute indaba bera ikustea eta produktuak duen kalitateaz ziurtatzea, ez dute inongo zigilurik behar hori egiaztatu ahal izateko”. Uriarteren berbetan, herritarren artean berriro hazten ari da baserritarren produktuak erosteko grina. Baserritarren azokak egiteko gogoa berreskuratzen hasi direla uste du, bai saltzaileen eta bai erosleen aldetik. “Indarra hartzen ari direla” nabarmendu du, “supermerkatuetan denetariko generoa aurkitu ahal den arren, azokek bertoko produktua erosteko aukera ematen dutelako”. *URRIKO AZKEN ASTELEHENEKO ALBISTEAK:Nekazariak pozik geratu dira aurten lortu dituzten uztekin