Betandi asko lehorreratu dute azken egunotan, Ondarroako portuan
Baxurako euskal arrantzontziekin batera, Kantabriako eta Asturiasko ontzi asko ibili dira egunotan arrantzan. Eta Ondarroako kaian arraina porturatzera etorri direnek betandia arrantzatu dute gehienbat.Kofradiako arduradunek adierazi dutenaren arabera,...
Kofradiako arduradunek adierazi dutenaren arabera, 300 tonatik gora saldu dira egunotan Ondarroan. 200.000 bat kilo saldu zituzten eguaztenean bentan; martitzenean, berriz, zer edo zer gutxiago lehorreratu zuten, «100.000 kilotik gora».
Atzo goizean ere, eguna argitu orduko portuko gunea arrainez bete-beteta eta giroa pil-pilean zegoen. Portuko beharginen eta erosleen joan-etorria handia izan zen, eta, bien bitartean, ontzi askotako marinelak arraina deskargatzen zebiltzan gelditu barik, ontzi gehiago portuan sartzen ari ziren bitartean.
Kopuru aldetik betandi asko lehorreratu dutenez, aurreko astean baino merkeago saldu dute. Batez beste, 0,42 zentimotan saldu dute kiloa. Oro har, Donostia eta Zarautz artean arrantzatutako betandi gaztea porturatu dute.
Sardina gutxi
Sardinari dagokionez, berriz, asteon ere nahikoa gutxi arrantzatu dute. Eguaztenean, esate baterako, 4.000 bat kaxa porturatu zituzten, eta atzo ere, Landetako parean arrantzatutako sardina haziekin betetako kaxa gutxi batzuk lehorreratu zituzten ontziek. Prezioari dagokionez, nahikoa merke saldu dute arraina egunotan. Egunsentian arrantzatutakoa 80 zentimo eta euro bat bitartean saldu dute; gaua egin aurretik arrantzutakoa, berriz, zer edo zer merkeago, 70 zentimo bueltan.