32. Mendizale helduen ibilaldia egingo dute etzi, Mutrikun
Burumendi mendizale elkarteak, Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Mutrikuko Udalak elkarlanean antolatuta, etzi egingo dute Mutrikun, Mendizale helduen ibilaldia. Aurtengoa 32. aldia izango da.Aurretiaz izena emateko epea asteon amaitu da. 50 bat men...
Aurretiaz izena emateko epea asteon amaitu da. 50 bat mendizalek eman dute izena, eta egunean bertan ere aukera egongo dela nabarmendu dute Burumendi elkarteko ordezkariek. 08:00etan egin ahal izango dute Goiko Plazan egongo diren mahaietan.
Mendizaleek 08:30ean hasiko dute martxa, Goiko Plazatik, eta ondoko ibilbidea egingo dute: Erbitxo, Galbaixo, Apain, Ormola, Kanpantzar, Lukortako gaina, Intrinkulu, Etxerre, Olatz, Ibiri eta Ondabarrotik igaroko dira. Guztira, 16 kilometroko ibilbidea bete beharko dute parte hartzaileek. Gaineratu dutenez, eguraldi nahikoa txarra dago iragarrita domekarako. «Eguraldi oso txarra egingo balu, ibilbidea zer edo zer moztuko genuke. Hori, baina, domekan bertan erabakiko dugu».
Bazkal ordurako helduko dira Mutrikura mendizaleak, eta ibilaldia egin ondoren, proposamen modura, bazkaria egingo dute Lagun Artea elkarte gastronomikoan. Burumendiko kideek adierazi dutenez, bazkaritarako 40 bat lagunek eman dute aurretiaz izena.