Sexare aholkularitza zerbitzua martxan dago Kultur Etxean
Gernika-Lumoko Udalak Sexare aholkularitza zerbitzua jarri du martxan, berriro. Hala, sexua eta sexualitatearen bizipenerako modu onuragarriak bilatzeko zerbitzua emango dute Kultur Etxeko Gazte Informazio Bulegoan.Sexare udal zerbitzuagaz, Gernika-Lum...
Sexare udal zerbitzuagaz, Gernika-Lumoko herritarrei beraien burua modu partikularrean «ezagutzen eta onartzen» laguntzen dietela azaldu dute arduradunek, bai eta herritarrekin harremanak izateko modu onuragarrienak bilatzen laguntzen dietela ere.
Orain dela hamar urte jarri zuten abian zerbitzua, eta denbora tarte horretan 223 pertsona pasatu dira gazteentzako udal aholkularitza zerbitzutik: 126 emakume eta 97 gizonezko. Udalak jakitera eman duenez, 15 eta 56 urte bitarteko herritarrek jaso dute informazioa denbora horretan. Izan ere, gazteei zuzendutako zerbitzua den arren, familiak eta profesionalak ere bertaratu dira. Horiez gain, Sexare zerbitzuaren arduradunak adierazi du udalerriko beste 160 gaztek jasotzen dutela informazioa ikastetxeetan egiten diren Sexuen heziketa programen bidez.
Desioa, sexu harremanak, plazerra edo plazer eza dira gazteen artean gehien jorratzen dituzten gaiak. Familiekin eta profesionalekin, berriz, gazteen heziketari buruz hitz egiten dute.
Bi eredu
Kontsulta eredua eta teknologia eredua dira zerbitzu hori eskaintzeko bi moduak. Kontsultara joan nahi duenak martitzenetan 18:00etatik 19:30era bitartean edukiko du hori egiteko aukera. Teknologia berriei esker, posta elektroniko, mezu edota bideokonferentzia bidez ere jaso daiteke informazioa.
Arduradunekin harremanetan jartzeko, 644 89 96 61 eta 94-627 02 15 telefono zenbakiak jarri dituzte, bai eta sexare@yahoo.es posta elektronikoa eta Orientazio.zerbitzua Skypeko kontua.