Atzo udalbatzak egindako Osoko Bilkuran
EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zituzten.
Irune Ormaetxea Ogasun zinegotziak azaldu duenez, “Udal Gobernuak eta EAJk erantzukizunez” jokatu dute, “ezinbestekoa delako tasak eta zergak berrikustea kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izateko”.
Zergei dagokienez, Ormaetxeak “aldaketa handirik egongo ez dela” adierazi du. Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga, Urilurren Balio Gehikuntzaren Gaineko Zerga, Ekonomi Jardueren Gaineko Zerga eta Eraikuntzaren, Instalazio eta Obren Gaineko Zerga berdin mantenduko dituzte, hau da, ez dute igoerarik jasango. Igoko duten zerga bakarra,
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko tipoa izango da,
KPIren igoera jasango baitu,
%2,2a, hain zuzen ere.
Tasen kasuan, “banan banan” aztertu dituztela adierazi du zinegotziak, eta “zerbitzuen kostuak eta ahalmen ekonomikoa kontuan hartu” dituztela. Tasa batzuek aldaketarik jasan ez dituzten bitartean, hainbat
merkatari txikiei zuzendutakoak jaitsi egingo dituzte.
Gainerakoek, etxebizitzen zabor batze zerbitzua eta animali kasu arriskutsuen kasuan izan ezik, KPIren igoera edukiko dute, hau da, %2,2ko igoera. Hala ere, Ormaetxeak argitu duenez, “2019an KPI gehiago igotzen bada ere, Bermeoko zerga eta tasen igoera
ez da inolaz ere %2,2 baino gehiago igoko“.
Ormaetxeak nabarmendu nahi izan duenez, hainbat izan dira hurrengo urtean
berdin mantenduko diren tasak: Bermibus, udal liburutegiko zerbitzuak, argitalpenen salmenta, agiriak ematea, udal azokako postuak edota ezkontzak, besteak beste. “Aipatutako horiek guztiek ez dute KPIren igoera ere izango”, azaldu du.
Bestalde, adierazi duenez,
etxebizitzetako zabor batze zerbitzuaren tasak igoera bat jasango du: hiru hilabetegatik ordainduko den tasa 17 eurotik 20 eurora pasako da,
euro bat gehiago hilean, hain zuzen ere. Urteko zabor batze zerbitzuagatik 80 euro ordainduko dituzte herriko etxebizitzek.
“Hala ere, gure biztanle kopuru antzekoa duten herriekin alderatuz, gure sastar batze zerbitzu tasa txikiagoa da; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, gure antzeko herriek batezbeste urtero 96,50 euro ordaintzen dute, eta Bizkaian 91,33 euro urtero da tasaren batezbestekoa”, gaineratu du zinegotziak.
Merkataritza sustatuz. Udalak Bermeoko merkatarien egoera aztertzea erabaki du. Azken urteetan “krisi egoera bat pairatu” duela ikusita, tokiko merkataritza laguntzeko helburuagaz tasetan ere “zenbait neurri” hartu dituztela jakinarazi dute, eta horretarako
“hainbat tasa jaistea” erabaki dute.
Modu horretara, fruta-dendei, haragitegiei, arraintegiei eta janari-denda txikiei
zabor batze zerbitzuaren tasa jaitsiko diete. Hiru hilabetekoa 81 euro ordaintzetik
71 eurora pasako dira, hau da, 10 euro gutxiago. 100 metro karratu baino gutxiagoko denden kasuan, tasa berbera ere gutxitu egingo dute: gaur egun hiruhilabetekoa 70 euro ordaintzen duten bitartean, tasa berriekin 60 euro ordaindu beharko dituzte, hau da, 10 euro gutxiago kasu honetan ere.
Supermerkatu handien kasuan, zabor batze zerbitzuek
%10eko igoera jasango dute.
Animaliak edukitzeko eta babesteko tasek ere aldaketak jasango dituzte. Txakur arriskutsuentzat eskatu beharreko lehenengo lizentzia eta txartela 37 eurotatik
45 eurora igoko dute. Gainerako tasek KPIren igoera izango dute, hau da, %2,2ko igoera.
Bukatzeko,
autokitapena ezarri dutela azaldu du zinegotziak, era horretara “hainbat tasa ordaintzeko tramiteak errazteko”. Autokitapenagaz, zenbait tasa zuzenean ordainduko dira Berhaz bulegoan.
Ormaetxeak adierazi duenez, “ordenantza fiskalak, zergak eta tasak aztertzea beharrezkoa da zerbitzu publiko eraginkorrak eduki ahal izateko, eta lan hori egiterakoan beti herritarren, merkatarien eta enpresen egoera kontuan hartzen ahalegintzen gara”.