Gernika RTk nesken Euskal Ligaren etxeko lehen partidua jokatu du
Ligako hirugarren jardunaldian, talde gernikarrak 25-45 galdu du Avia Eibar Rugby taldearen kontra. Jokalari berri asko dituzte denboraldi honetan, eta Javier Iruskieta da entrenatzaileaGernika RTk Emakumezkoen Euskal Ligaren etxeko lehen partidua joka...
Ligako hirugarren jardunaldian, talde gernikarrak 25-45 galdu du Avia Eibar Rugby taldearen kontra. Jokalari berri asko dituzte denboraldi honetan, eta Javier Iruskieta da entrenatzailea
Gernika RTk Emakumezkoen Euskal Ligaren etxeko lehen partidua jokatu zuen zapatu arratsaldean, eta 25-45 galdu zuen Avia Eibar Rugbyren kontra.Ligako hirugarren jardunaldia lehiatu dute asteburuan, baina Gernika-Lumoko taldearentzat denboraldiko etxeko lehen partidua izan da. Hain zuzen, lehen jardunaldia Urbietan lehiatu behar izan zuten Ordiziaren kontra, irailaren 30ean, baina atzeratu egin zuten. Atzeratutako partidua azaroaren 4an (domeka) jokatuko dute.
Etxeko taldeak hamasei jokalarigaz lehiatu zuen zapatuko partidua. Irabazi ez arren, partidua ondo egon zela zehaztu dute jokalariek. «Eibar aurkari indartsua da, eta ondo jokatu genuen. Min hartutako asko izan ditugu, eta, ondorioz, ezin izan genuen hamabost jokalarik jokatu, eta hamabiko taldea zelairatu genuen. Uste dut hamabostegaz jokatuz gero, bestelako emaitza lortuko genukeela», azaldu du Maite Bilbao jokalariak.
Denboraldiko lehen partidu horretan pila bat jende egon zela adierazi du, eta bertaratu ziren guztiei eskerrak eman dizkie: «Aurretik mutilen bigarren taldeak jokatu zuen, eta, agian, horrek ere zerikusia izango zuen. Asko animatu gintuzten, eta eskertzekoa da; harmailetatik jendea animatzen ikusteak asko motibatzen gaitu».
Atsedenaldira 12-20ko markagailuagaz heldu ziren. Bilbaok zehaztu duenez, partidu amaierara nekatuta heldu ziren. «Eibarrek aldaketa asko egin ahal izan zituen, guk, ordea, ez. Azken hamabost minutuetan bi entsegu egin zizkiguten, eta horrek partidua apurtu zigun».
Hala ere, aurretik uste baino hobeto jokatu zutelako pozik daude basurdeak. Nahia Goirienak bi entsegu egin zituen, eta Batirtzek eta Itxaso Nizak bana; lau horietatik bi transformatu zituen Batirtzek.
Aurreko astean Logroñon lehiatu zuten bigarren jardunaldia, RC Rioja 12 taldearen kontra. Lehen partidua izanda eta taldean jokalari berri asko daudela kontuan hartuta, «partidu eskasa» izan zela dio Bilbaok. Azken unean entsegua eginda nagusitu ziren errioxarrak, 34-29ko emaitzagaz. «Baina, gutxinaka taldea osatzen ari gara, eta elkar ezagutzen. Aurreko partiduagaz alderatuta, aste honetan aldaketa handia nabaritu dugu. Jokalari berri asko egoteak eta lesionatutako asko beteranoak izateak eragin digu. Gainera, entrenatzaile berria daukagu, eta egokitzen ari gara». Javier Iruskietagaz ari dira entrenatzen.
Asteburu honetan, Getxon
Laugarren jardunaldian Getxo RTren zelaia bisitatuko du talde gernikarrak. Zapatuan 18:30ean jokatuko dute. «Espero dugu hamabost jokalarik jokatu ahal izatea. Getxo ere talde indartsua da, eta partidu gogorra izango da. Ea jendea animatzera hurbiltzen den».