Diskriminazioari aurre egiteko plana aurkeztu du Bermeoko Udalak
«Gizarte justuago, berdintsuago eta kohesionatuago bat lortzeko apustua» egingo dute planagaz, integrazioa bermatuz eta elkarbizitza landuzIntegrazioa bermatzeko eta diskriminazioari aurre egiteko plana aurkeztu du Bermeoko Udalak. 2018-2021 Bizikide...
«Gizarte justuago, berdintsuago eta kohesionatuago bat lortzeko apustua» egingo dute planagaz, integrazioa bermatuz eta elkarbizitza landuz
Integrazioa bermatzeko eta diskriminazioari aurre egiteko plana aurkeztu du Bermeoko Udalak. 2018-2021 Bizikidetza eta Aniztasun Planaren helburu nagusia da Bermeon «immigrazio eta elkarbizitza esparruan esku hartzeko ardatz nagusiak azaltzen dituen, ekintza politikorako proposamenak planteatzen dituen eta lanerako gida bat eskaintzen duen ekintza plan bat eratzea».Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiagaz elkarlanean landu du plana udalak, «gizarte justuago, berdintsuago eta kohesionatuago bat lortzeko».
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Gorka Moreno Ikuspegiko zuzendariak eta Maddalen Epelde Ikuspegiko ikertzaileak aurkeztu dute plana. Bidegurenen berbetan, «azken 15 urteko Bermeoko argazkia aldatzen joan da, eta kuriositate eta mesfidantzaz nahasturiko jarrerak elkarbizitza eta konfiantzazko bizikidetzan bilakatzeko bidean gaude». Hori lortzeko, azken urteetan «lan garrantzitsua» egin du udalak GOUPen eskutik.
Plana hainbat eragilegaz landu dute. Esate baterako, udaleko teknikariak, etorkinak, Gazte Mugimendua, Sahararen aldeko elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Kate Sarea edota Osakidetza batu dira proiektura. Hori osatu aurretik hainbat pauso eman dituzte. Alde batetik, Bermeon immigrazioaren gaur egungo egoera zein den ezagutzeko diagnosi estatistikoa burutu dute; eta, bestetik, diagnosi kualitatiboa egin dute, herrian immigrazioari buruzko errealitatearen ezagutza daukaten eragile desberdinak eta zenbait pertsona etorkin elkarrizketatuz. Horrela, eztabaida talde bat osatu dute.
Diagnosiaren emaitzak
Lortu dituzten datuen arabera, Bermeon bizi diren atzerrian jaiotako pertsonek biztanleria osoaren %8 osatzen dute. Jatorriari dagokionez, Bermeoko atzerritarren artean, Europako Batasuna da jatorri nagusiena; gehienak errumaniarrak dira (%38,1), eta haiei latinoamerikarrek jarraitzen diote (%36,1). Datu horiek Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoekin eta Bizkaikoagaz alderatuz gero, hiru eremuek joera bera erakusten dute.
Diru Sarrera Bermatzeko Errentari dagokionez, Bermeon jasotzen dutenen %29,1 dira atzerritarrak. Beraz, DSBE jasotzen duten pertsona gehienak ez direla atzerritarrak azpimarratu dute. Arduradunen berbetan, «planak diskriminazioari aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen ditu sentsibilizazioa, formakuntza eta berdintasunarekiko konpromiso instituzionala».
Bizikidetza Planean jasotzen diren ekintzak hiru esparru nagusitan bildu dituzte. Berdintasunezko tratu instituzionala bermatzeko jarduerak, berdintasunezko tratu estrukturala ber- matzeko jarduerak eta berdintasunezko tratu interpertsonala bermatzeko jarduerak nabarmendu dituzte arduradunek.
Berdintasuna bermatuz
Berdintasunezko tratu instituzionala bermatzeko jarduerei dagokienez, udalak, korporazio gisa, bere araudia, zirkular eta bestelakoetan herrian bizi diren pertsona guztien tratu berdintasuna sustatzea ahalbidetzen duten ekintzak biltzen dira. Horien artean aipatu dituzte udaleko osoko bilkuran elkarbizitzaren alde eta diskriminazioaren aurkako adierazpen instituzionala gauzatzea; udal zerbitzuetako araudia eta sarbide izapideak berrikustea, horietan egon daitezkeen oztopoak atzeman edota gainditzeko; eta immigrazio, bizikidetza eta aniztasun gaietan koherentziazko komunikazio udal politika sustatzea.
Berdintasunezko tratu estrukturala bermatzeko jardueren kasuan, herriko zein euskal gizarteko gizarte egituran eragitea dute helburu, eta, horretarako, herriko bizilagunen arteko aukera eta tratu berdintasuna jorratuko dute. Hori lortzeko, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak egitea; iritsi berrientzako harrera programa gaurkotu eta eguneratzea; ikastetxeekin elkarlanean ikasle atzerritarrengan euskara sustatzen jarraitzea eta euskara eta lan formakuntza eta orientazioa lantzeko programekin jarraitzea proposatu dute.
Berdintasunezko tratu interpertsonala bermatzeko jarduerak zurrumurruen aurkako estrategiagaz zuzenean lotuta daudela azaldu dute. Hortaz, jatorri edota arbaso atzerritarrak dituzten pertsonekiko aurreiritzi eta estereotipo negatibo eta faltsuei aurre egiteko bultzatu nahi diren ekintzak bildu dituzte jardueretan.
Aurkeztutako plana «orain arte egindako ibilbidean beste pauso berri bat» dela nabarmendu du alkateak, «hurrengo lau urteetako ardatz nagusi eta oinarriak ezartzen dituena». Bidegurenek adierazi duenez, lehentasuna Bermeoko herrian elkarbizitza bermatzea eta aniztasuna balioan jartzea da. Horrela, «berdintasunean oinarritutako gizartea» lortzeko lanean jarraituko dutela aldarrikatu du.
Plana aurkeztuta, orain azken ekarpenak jasoko dituzte.