Denboraldiko lehen garaipena lortu dute basurdeek
Gernika RTk Complutense Cisnerosi 32-39 irabazi dio bosgarren jardunaldian. Azken postuan segitzen badu ere, aurretik daudenekiko aldea murriztu duGernika RTk Complutense Cisnerosi 32-39 irabazi zion zapatuan, Madrilen. Denboraldiko lehen garaipena iza...
Gernika RTk Complutense Cisnerosi 32-39 irabazi dio bosgarren jardunaldian. Azken postuan segitzen badu ere, aurretik daudenekiko aldea murriztu du
Gernika RTk Complutense Cisnerosi 32-39 irabazi zion zapatuan, Madrilen. Denboraldiko lehen garaipena izan zen. Heineken Ligaren sailkapenean azken postuan jarraitzen badu ere, asteburuan lortutako bost puntuei esker, aurretik dituen taldeekiko aldea murriztea lortu du. 7 puntu ditu, eta puntu bakarrera dauka Complutense Cisneros.Garrantzi handiko partidan, hasieratik nagusitasunez aritu ziren, aurkariak estu hartuta. Santiago Viañak izan zuen partiduko lehen aukera, baina zigor kolpearen ostikoa desbideratu zitzaion. Etxekoak jokalari bat gutxiagogaz geratu ziren. Mateo Bastek entsegua egin zuen ondoren; Viañak, baina, ez zuen transformatu (0-5). Alboko sake bategaz hasi zuten ondorengo jokaldian, beste entsegu bat egin zuten, eta Viañak transformatzen asmatu zuen: 0-12.
Cisnerosek bere lehen arrisku jokaldian lortu zituen lehen puntuak, zigor kolpe bategaz. Ostean, uztartze ireki batean baloia bereganatu, eta jokaldi azkar batean bere lehen entsegua egin eta transformatu zuen (10-12).
Etxeko taldeak presioa egin zuen lehen zatiaren azken minutuetan, eta markagailuari buelta ematea lortu zuen (17-15). Lehen zatia amaitzeko 20 segundoren faltan, Gernika RTk entsegua egin zuen: 17-20.
Bigarren zatia ere ezin hobeto hasi zuten. Larrabeitik entsegua egin zuen (17-25). Hasiera gazi-gozoa izan zen dena den; Santiago Percellok txartel horia ikusi zuen, eta jokalari bat gutxiagogaz geratu ziren. Etxekoek abantaila aprobetxatu zuten, markagailuko aldea murrizteko: 22-25. Hurrengo minutuetan bi taldeen jokoa trabatu zen. Hala ere, talde gernikarrak beste entsegu bat egin zuen, eta norgehiagoka amaitzeko ordu laurden bat falta zenean, etxeko taldeak beste entsegu bategaz erantzun zion.
27-32ko markagailuagaz, etxeko taldeak basurdeak estu hartu zituen. Baina Jokin Eskolarrek entsegua egin, eta Viañak transformatu egin zuen, aldea handituz: 27-39. Cisneroseko jokalariak ez zeuden amore emateko prest, eta azken unera arte markagailua iraultzeko zereginean aritu ziren. Bederatzi minuturen faltan, entsegua egin zuten.