Euskal erakundeek pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat jarri dute abian
Plana erakundeek azkenengo urteetan egindako «lanaren emaitza» da. Gaitzari aurre egiteko neurrien artean, pinuak kobre oxidoagaz tratatzea aurreikusi duteJakinarazi dutenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak koni...
Plana erakundeek azkenengo urteetan egindako «lanaren emaitza» da. Gaitzari aurre egiteko neurrien artean, pinuak kobre oxidoagaz tratatzea aurreikusi dute
Jakinarazi dutenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia diseinatu dute. Pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat jarri dute martxan, «euskal erakundeek azken urteetan egindako lanaren emaitza legez».Batetik, gaitzari eta horrek hiru lurraldeetako baso eremuetan eragiten dituen kalteei buruzko ezagutza sakondu nahi dute; bestetik, gaitzari aurre egiteko neurriak zehaztu gura dituzte, eta, azkenik, sektorea berreskuratzean jarriko dituzte indarrak.
Azaldu dutenez, basoen osasunerako aholkulari taldeak egoeraren diagnostikoa egin zuen 2017ko urrian, eta aurrera begira garatu gura dituzten jarduerak zehazteko diagnostiko hori hartuko dute kontutan; baita sektoreak duen garrantzia eta gaitzak eragin duen kaltea ere.
Hala, gaitzak eragindako kalteei buruzko ezagutza sortzeko, batetik, eremu kaltetuak eta gaixotasunaren garapena neurtuko dituzte, eta eritasunak dituen jokabidea, zikloa eta moztu ondoren irauteko gaitasuna aztertuko dituzte. Bestetik, konponbide bat bilatu nahi dute mendian tratamendu desberdinak modu esperimentalean ezarriz.
Ezagutza sortuta, neurriak ere hartzea aurreikusten dute gaitzari aurre egiteko, eta neurri horien artean dago pinuak kobre oxidoagaz tratatzea. Hori egin ahal izateko baimen bereziak tramitatzen ari direla jakinarazi dute. Diotenez, tratamendu horregaz emaitza onak lortu dituzte beste hainbat lekutan, pinuei erasan dien onddoaren antzekoen aurkako tratamenduekin.
Airez egiten da, eta 2019ko udaberrian eman nahi diete tratamendua. Erakundeek espero dute udazkenean eta neguan ere gaixotasunaren eragina murriztea, hotzak onddoa ahuldu egiten du eta.
Laguntzen planak indartu
Bestelako neurriak hartzea ere nahi dute: foru laguntzen planak indartu larri kaltetutako masak mozteko eta basoberritzeko, tratamenduak egiteko beharrezko azpiegitura tekniko-administratiboa prestatu, mozketak egiteko izapide administratiboak erraztu eta arindu… Basoen sektorea berreskuratzeko, azkenik, gaixotasunarekiko erresistenteak eta sektorearentzat merkataritzaren ikuspuntutik interesekoak diren espezieak identifikatuko dituztela adierazi dute, eta horiekin esperimentatuko dela aurreratu dute.
Naturkon Gipuzkoako naturaren kontserbazioa lantzen duen elkartea «kezkatuta» agertu da, pinuak kobre oxidoagaz tratatu nahi dituztela jakitean: «Sustantziaren berezko arriskuaz gain, abiadura horiekin airez zabaltzen den produktua nora joango den ezin denez kontrolatu, Europako Batasunean airetiko tratamendu fitosanitarioak debekatuta daude, oso kasu berezietan izan ezik. Gainera, kobre oxidoa arnastuz gero, toxikoa da eta azalarentzat eta bronkioentzat narritagarria ukituz gero. Hori gutxi ez balitz, eta uretako faunarentzat guztiz toxikoa izateagatik, administrazioak berak tratamendu hauetan ibai eta erreken inguruan 50 metroko segurtasun zerrenda errespetatzea exijitzen du».