Ander Elortegik etzi jokatuko du Bizkaiko Txapelketaren kanporaketa
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Zornotzako Zornotza Aretora iritsiko da domekan, 17:00etan. Sei bertsolarik abestuko dute udazkeneko hirugarren saioan, eta eskualdeko ordezkari bakarra egongo da oraingoan: Ander Elortegi natxituarra.Elortegigaz batera, ...
Elortegigaz batera, Aitor Esteban urduliztarrak, Ander Uzelai artzentalestarrak, Inazio Vidal leioatarrak, Txaber Altube abadiñotarrak eta Unai Mendiburu algortarrak kantatuko dute oholtzan.
Aurreko saioetan bezala, irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara. Zornotzako irabazlea, Lekeitioko finalaurrekoan ariko da, abenduaren 1ean.
Finalaurrekoak
Jokatu dira dagoeneko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udazkeneko bi saio. Gernika-Lumon hasi zituzten saioak urriaren lehen asteburuan, eta Imanol Uria algortarra izan zen onena. Santurtziko saioan, berriz, Malen Amenabar larrabetzuarrak irabazi zuen.
Biek ala biek zuzenean abestuko dute finalaurrekoetan. Gainontzeko bertsolariak saioetan lortutako puntuazioen arabera sailkatuko dira.