Bermeoko Udal Liburutegiak eta Euskera Sailak antolatzen duten irakurleen txokoa
bihar, eguenean, hasiko dute. Beste urte batez,
Arrate Egaña idazlea izango da txokoaren
dinamizatzailea.
Juan Karlos Agirre Bermeoko Euskara zinegotziak, Maite Alvarez Euskara teknikariak eta Arrate Egañak berak aurkeztu dute egitasmoa. Agirrek gogoratu duenez, irakurleen txokoaren bitartez, hilean behin, “interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskaraz idatzitako liburu bati buruz hitz egiten dute”. Argitu dutenez, irakurleen taldea hilero
hileko hirugarren eguenean batuko da
18:30etik 20:00etara.
Iñaki Irasizabalen Odolaren deia liburuari buruzko hausnarketa egingo dute lehen saioan.
Irakurleen txokoaren ibilbidea
2011n hasi zela gogoratu du Euskara teknikariak, eta partaideak ikasturteka batu izan direla. “Egonkortasuna lortu duen ekimena dela esan dezakegu; izan ere, urtero 15-20 pertsonako taldea osatzen dugu eta ikasturte bakoitzean zortzi liburu irakurri eta horiei buruz berba egiten dugu”, aipatu du.
“Irakurle txokoan parte hartu gura duenak,
liburutegira hurreratzea dauka, bertan
izena eman eta hurrengo hilerako liburua hartu, hori baino besterik ez, parte hartzea
librea eta doakoa delako”, azaldu du Alvarezek.
Irakurlearen txokoak azken 7 urteetan izan duen ibilbidean
60 liburu inguru irakurri eta aztertu dituztela gaineratu du.
“Liburu ugari izan dira, bai kopuru aldetik, bai genero aldetik eta baita egileen eta sorkuntzaren aldetik ere, batzuk jatorriz euskaraz sortuak direlako eta beste batzuk, itzulpenak. Beraz, euskal literatura gehiago ezagutzeaz gain, literatura unibertsala ezagutzeko aukera izan dute, herrialde ugaritako autoreak ekarri baitituzte irakurleengana”, nabarmendu du.
Alvarezen berbetan, taldea zabalik dago jende berria hartzeko; hortaz, interesa duten herritarrak egitasmoan parte hartzera animatu ditu. Hileroko dinamikaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak egiten dituztela gogoratu du, “idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitute eta oso interesgarriak izaten dira”.
Solasaldietan euskal literaturan gaurkotasun handiko idazleak parte hartu dute eta azkena,
joan den maiatzean Kattalin Miner idazlearekin egindakoa izan dela azaldu du. “Topaketa oso aberasgarria izan zen bai irakurle zein idazlearentzat, bazkal ostean Talan solasaldi luzea egin zen, irakurleen txokoko kideek Minerreri bere liburu eta lanari buruzko galderak egin zizkioten eta solasaldi benetan interesgarria izan zen”.
Helburuak. Euskara teknikariak azpimarratu duenez, irakurle txokoaren helburuak “literaturaren irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea” izango dira.
Egañak, bere aldetik, irakurle txokoaren ikasturte berriari hasiera emateko “ilusioz eta gogoz” dagoela zehaztu du; izan ere, iazko
esperientzia “guztiz positiboa” izan zen, taldean “giro ezin hobea” izan zutela azaldu du, eta kideen parte hartzea “azpimarratzekoa” izan zela.
Joan den urteko irakurleen txokoko kideek adierazi dutenez, taldean “giro ona eta iritzi trukaketa interesgarria” nagusitu da eta Egañaren lan ona balioan jarri dute. Beraien esanetan, “saioak oso ondo prestatzen ditu, liburuaren iritzi orokorraz gain, atalka komentatzen dira, esaldi esanguratsuetan erreparatzen da eta partekatzen ditu eta idatziz ematen ditu erreferentziak”.
Horrela, Egañak adierazi duenez, lehenengo saioan
Iñaki Irasizabalen Odolaren deia liburuari buruzko hausnarketa egingo dute. Aurten, irakurleen iradokizunak kontuan hartuta, idazlearen zein liburuaren informazioa lehenago helaraziko zaie, posta elektronikoz zein whatsapp bidez, argitu du.
“Gogotsu eta ilusioz beteta” hasiko du ikasturte berria dinamizatzaileak, eta parte hartzaile guztiek “literaturarekin euskaraz gozatzea” espero du.