'Zain' filmak irabazi du 40+1 Lekeitioko Euskal Zine Bileraren Urrezko Antzarra
Euskal nortasunaren topikoa umorez azaldu du lan irabazleak. Publikoaren Saria Eukeni Arrioturen 'Pastoreak' lanak jaso du. Bataz beste 100 ikusle izan ditu egunero Ikusgarri zinemak40+1. Euskal Zine Bilera barikuan amaitu zen. Eta egun berean jakin ah...
Euskal nortasunaren topikoa umorez azaldu du lan irabazleak. Publikoaren Saria Eukeni Arrioturen ‘Pastoreak’ lanak jaso du. Bataz beste 100 ikusle izan ditu egunero Ikusgarri zinemak
40+1. Euskal Zine Bilera barikuan amaitu zen. Eta egun berean jakin ahal izan zen aurtengo lehiaketan parte hartu duten 20 filmetatik zein izan den irabazle nagusia: Pello Gutierrezen Zain filma, hain zuzen. Urrezko Antzarra irabazteaz gain, euskal nortasunaren topikoa umorez azaldu eta prisma surrealista baten bidez eraldaketa proposatzen du filmak. 1.900 euroko saria ere eskuratu du.Gidoi onenaren saria Igor Rezola Iztuetaren Fabrika (k) filmarentzat izan da. Lan munduak mendebaldean bizi izan duen eraldaketa azaltzen duen film laburrak Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euroko saria jaso ditu.
Zuzendari onenaren saria Miren Mujika Muñozen Shell Phone filmak eskuratu du. Teknologia berriak erabiltzera behartuta ikusten den amama baten erronka kontatzen du filmak. 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman ditu.
Aurtengo berrikuntzetako bat izan da Publikoaren Saria, eta hori Eukeni Arriorturen Pastoreak lanak jaso du. Dokumentalean mendeetan barrena Euskal Herrian oso sutraituta egon den artzaintzaren egungo egoera azaltzen da. Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria jaso du.
Epaimahaiari dagokionez, ondokoek osatu zutela jakitera eman dute antolatzaileek: Eider Eguren, Mikel Zumeta, Itziar Ituño eta Maider Oleaga. «Erronka itzela izan du aurrean epaimahaiak; film labur zoragarri hauen artean onenak aukeratzea. Lan horietako bakoitzak ikusleen oroimenean denbora luzean egongo diren istorioak kontatu ditu Ikusgarriko pantailan».
Ikusleak protagonista
Euskal Zine Bilerak irabazleak ez ezik, parte hartzaile guztiak ere zoriondu nahi izan ditu, «haien lanetan erakutsitako kalitate handiagatik». Ez hori bakarrik, egunez egun zinemara hurbildu diren ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi dizkie antolakuntzak. «Bataz beste, 100 ikusle izan ditu Ikusgarri zinemak lehiaketaren egun bakoitzean, azken urteetan izan den kopururik handiena. Nabarmena izan da igoera, eta ikusleak gustura agertu dira formatu berriagaz».
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, gainera, arrakasta apartagaz agurtu dute aurtengo lehiaketa. Agertu dutenez, lehiaketaz gain egin diren beste ekintzetan ere parte hartze handia egon da.
Itxiera ekitaldia amaitu aurretik, antolatzaileek eta udal ordezkariek eskerrak eman nahi izan zituzten. «Eskerrik asko parte hartu duzuen guztiei, epaimahaiko kideei eta 40+1. bilera berezi honetako ekitaldi berezi hau gugaz ospatzera etorri zareten guztioi!».