Herrialde ezberdinetako herri bi izan daitezke elkarren artean bateragarri; izan daitezke ez hain desberdin; bata bestearen osagarri. Eta elkarketa hori bihur daiteke baita liluragarri; adierazgarri. Sarri askotan izaten da zerbait herri bat besteagaz lotzen duena; dela hizkuntza, dela kultura, dela itxura…
Batzuetan memoriak ere lotzen ditu iragan bizi bezain latza dutenak.
Andra Mari elizaren aurrean, ikus-entzunezkoa grabatzen. Argazkia: Ainhoa Astui/Ross Dantza Eskola.
Ezbeharrak beti ezbehar, eta samindura beti samingarri. Baina bada zorigaizto izandako garai hura gogoratzerik; bada modu batean edo bestean gertatutakoa guztion memorian gorde dadin zerbait egiterik.
Dunkerquek (Frantzia) eta Gernika-Lumok, esaterako, badute zer gogoratu; historiaren parte diren hamaika istorioez gain, badutelako zer kontatu,
gerrek eta bonbardaketek eragindakoa ez delako erraz ahazten. Oroimen ekitaldiak egin dira, ikus-entzunezkoak ere ekoiztu dituzte, koadroak margotu dituzte… Baina
dantza eginez ere gertaerak berreraiki eta samindura adierazi daitekeela erakutsi dute behin baino gehiagotan Gernika-Lumoko Ross Dantza Eskolakoek.
Dantza egitea gorputzaren bitartez barruko dena kaleratzeko aukera paregabea izaten da askotan, eta horretan parte har dezakete nahi haina pertsonek. Bakarka egitearen hautua hartuko dute askok, baina konpainian egiteak ere badu bere xarma.
Dantzak ez du ulertzen hizkuntzaz, bera baita hizkuntza; gorputzaren hizkera. Hala dela erakutsi dute Dunkerque eta Gernika-Lumoko neska gazteek.
Pasealekuan ikus-entzunezkoa grabatzen. Argazkia: Ainhoa Astui/Ross Dantza Eskola.
Hamazortzi dantzari: hamar Gernika-Lumoko Ross dantza eskolakoak eta zortzi Dunkerque hiriko K´Danses dantza taldekoak. Horiek dira asteburuan Gernika-Lumoko kale eta toki esanguratsuak beraien dantzez alaitu dituztenak. Zapatuan iritsi ziren frantziarrak Gernika-Lumora, eta etxera buelta egin arte ez du etenik izan asteburuak horientzat. Aipatu herri bonbardatuetan gertatutakoa gogoratzeko kultur proiektu bat jarri nahi izan dute martxan. Elkarlanean prestatutako koreografia bat grabatzea da proiektuaren helburu nagusia, eta horretan aritu dira asteburuan.
Gernikara heldu bezain pronto udaletxera abiatu ziren, bertan baitzuten zain herriko alkate Jose Maria Gorroño. Ross Dantza Eskolako neskekin bazkaldu zuten gero, eta koreografia entseatzera eta domekarako guztia antolatzera joan ziren ondoren.
Domeka izan zuten ikus-entzunezkoa grabatzeko eguna. Egun kaxkarra izan zuten kanpoan eguraldiari erreparatuz gero.
Euripean aritu ziren dantzan, oinutsik,
baina protagonistek jakin zuten horri aurre egiten, eta
irribarrez eta gustu handiz dantzatzen.
18 eta 26 urte bitarteko neskak dira Unkerquekoak, eta 16 eta 23 bitartekoak, aldiz, Gernika-Lumokoak. Horiek guztiek gogor egin zuten lan asteburuan; domekan, esaterako,
bost orduz aritu ziren grabaketa lanetan.
Herriko toki esanguratsuak aukeratu zituzten eszenatoki: Pasealekua, babeslekua, Merkatu plaza, Andra Mari eliza Picassoren koadroaren aurrealdea… Rosa Rementeria Ross dantza eskolako zuzendariak aitortu duenez, “oso nekatuta” bukatu zuten eguna; dena den, argi dauka
nekeak “merezi izan” duela. “Esperientzia oso polita” bizi izan dutela aipatu du, eta “oso gustura” aritu direla dantzan. Dunkerquekoak eurak ere “oso hunkituta eta gustura” aritu direla azpimarratu du.
Bonbardaketako babeslekuan ikus-entzunezkoa grabatzen. Argazkia: Ainhoa Astui/Ross Dantza Eskola.
Dunkerquekoak hartu dituzte etxean, baina
urtarril amaieran alderantziz egingo dute;
gernikarrak hartu beharko dituzte beraien etxean frantziarrek. Izan ere, ikus-entzunezkoaren bigarren zatia bertako leku esanguratsuetan grabatuko dute, eta hori egin eta egun batzutara, ikus-entzunezkoaz gozatu ahal izatea da asmoa.
[Zapatuan Jose Maria Gorroño alkateak egindako harrerari buruzko informazioa]