Hasiera batean portua egurrezkoa izan bazen ere, gerora instalazioak indartu eta handitzea erabaki zuten lan karga handituz zihoan bitartean. Hala, 1946. urtean, hormigoizko bi ontziraleku, biltegiratzeko eraikina, estalpea eta portuarentzako horma bat eraiki zituzten. 60ko hamarkadara arte iraun zuen bizirik
Dinamitak.
Errepideetako azpiegitura modernoekin batera lehergaiak kamioiz garraiatzen hasi ondoren, portuak garrantzia galdu zuen, eta, gaur arte, ezkutuan geratu da Muruetako zein inguruetako bizilagunentzat.
Bizi berri bat. Muruetako Udalak ez dauka gunea ahazturan uzteko asmorik, eta, hori dela eta, portu txikia eta haren ingurua biziberritzeko proiektua jarri du martxan. Ondare historiko industrial garrantzitsua dela uste dute herrikoek, eta, bertan hondatzen utzi beharrean, helburu didaktiko eta kultural bat izanda eraberritzeko asmoa daukate.
Horrela, portuko instalazioak herritarrentzako egokituko dituzte, Muruetako herriaren ikurretako bat biztanleriari irekiz eta herriarekin lotuz. Portura iritsi ahal izateko oraingo bidea aproposa ez denez, Murueta eta Gernika-Lumo batzen dituen pasabidea -Urdaibaiko itsasadarraren ondotik igarotzen dena- portua dagoen guneraino luzatzeko asmoa daukate.
Instalazioak berritu eta egokitzeaz gain, itsasadarreko gune hori leku kultural bilakatu nahi dute. Busturiko zeramika fabrikan lanak egiteko erabiltzen ziren labeak eta tximiniak inguru horretan daudela aprobetxatuko dute elementu guztiak ibilbide berean batzeko.
Era berean, ibilbidean zehar informazio panelak jarriko dituzte. Modu horretara, Urdaibaiko historiaren zati bat ezagutaraziko dute, leku pribilegiatu hori publikora zabalduz, Murueta inguruko natura eta industriaren historia bateratzeko helburuarekin.