Foruko Udalak herriko ikastaroen eskaintza berria aurkeztu du
Udal ikastaroen eskaintza berria aurkeztu du Foruko Udalak, herritarrei parte hartzera animatzeko helburuagaz.
Adierazi dutenez, oraingo ikasturterako ume, gazte zein nagusientzako alor ezberdinetako ekintza ugari programatu dituzte. Horien artean, txikien psikomotrizitatea lantzeko zirku tailerrak, kardioboxa edota pandero ikastaroak nabarmendu dituzte udaletik. Ikastaro berritzaileekin batera herritarren artean arrakasta handia izan duten pilates, zumba, dantza edota koro ikastaroak ere mantenduko dituztela argitu dute.
Guztientzako jarduerak. Horrela, kardiobox klaseak astelehen eta eguenetan, 18:00etatik 19:00etara egingo dituzte. Familientzako psikomotrizitatea lantzeko zirku tailerrak, bestalde, eguaztenero, 3 eta 5 urte bitartekoentzat izango dira, 17:00etatik 18:00etara; 6 eta 12 urte bitartekoentzat, 18:00etatik 19:00etara eta 13 urtetik gorakoentzat, 19:00etatik 21:00etara.
Kirolari dagokionez, aurten multikirolak ikastaroa gehituko dute, martitzen eta eguenetan, 17:00etatik 18:00etara. Aurreko urteetan bezala, yoga klaseak mantenduko dituzte, astelehen eta eguaztenetan 19:00etatik 20:30etara. Pilates egitea gustoko dutenentzat klaseak martitzen eta eguenetan izango dira, 18:00etatik 19:00etara.
Ez dira faltako zumba klaseak, martitzen eta eguenetan, 19:15etik 20:15etara. Bachata klaseak ere antolatu dituzte, astelehenetan 19:00etatik 21:00etara. Azkenik, skate ikastaroa ere eskainiko dute, martitzenetan, 18:00etatik 19:00etara.
Musikak ere bere txokoa edukiko du Foruan. Aurten, pandero ikastaro barria eskainiko dute, martitzen eta egueztenetan, 17:00etatik 18:00etara. Aurreko urteetan bezala, trikitixa tailerra egingo dute, astelehenetan 17:00etatik 18:00etara eta egueztenetan 20:00etatik 21:00etara. Barikuetan koro eta dantzaren txanda izango da, koroa 18:30etatik 20:30etara Kultur Etxean eta dantza, 19:00etatik 22:00etara aretoan.
Joste ikastaroa ere ez da faltako Foruko eskaintzan, eta astelehenero izango da, 18:00etatik 20:00etara.
Bizitza sozio-kulturala. Jane Eyre Urkieta Foruko alkateak azaldu duenez, “Forua herri aktiboa” da, eta bizilagunek “herriko kultura zaindu” eta “bizi sozio-kulturalaz gozatzen” dute. Horrekin batera, udal gobernuarentzat “herriko bizitza eta harreman sozio-kulturalak herrian sustatzea” helburu garrantzitsu bat dela adierazi du, eta horretan lanean diharduela, “bizirik dagoen herriarren alde”.