Mikel Monasterio eta Leire Monasterio nagusi, Urdaibai Kopan
Mutilen podiuma Unai Intxaurragak eta Ibon Bilbaok osatu dute, eta neskena, Itxaso Ballazek eta Leire Sanchezek. Gorozikan lehiatu dute zazpigarren eta azken probaMikel Monasteriok eta Leire Monasteriok irabazi dute Urdaibai Kopa. Zazpi mendi lasterket...
Mutilen podiuma Unai Intxaurragak eta Ibon Bilbaok osatu dute, eta neskena, Itxaso Ballazek eta Leire Sanchezek. Gorozikan lehiatu dute zazpigarren eta azken proba
Mikel Monasteriok eta Leire Monasteriok irabazi dute Urdaibai Kopa. Zazpi mendi lasterketak osatu dute aurtengo txapelketa, eta domekan Gorozikan lehiatu zuten azken proba.Zazpi probetatik bost lehiatuta, Mikel Monasteriok 247 puntu eskuratu ditu, eta zazpi puntu gutxiago bildu ditu Unai Intxaurraga bigarrenak; Intxaurragak sei lasterketetan parte hartu du. Ibon Bilbao sailkatu da hirugarren, 229 puntugaz. Monasteriok moduan, Bilbaok ere bost proba egin ditu.
Emakumezkoen sailkapenari dagokionez, 243 puntu lortu dituzte Leire Monasteriok eta Itxaso Ballazek; biek ala biek seina proba lehiatu dituzte. Leire Sanchezek osatu du aurtengo podiuma, 236 puntugaz. Sanchezek Urdaibai Koparen proba guztietan parte hartu du.
Gorozikako 21 kilometroko lasterketa 43 korrikalarik lehiatu zuten. Iñigo Arias izan zen denetan azkarrena.
Oso alde estua egon zen lehenengo bien artean. Ariasek ordubete, 37 minutu eta 42 segundoko marka egin zuen, eta Mikel Monasterio heldu zen bigarren, lehenengoarengandik 24 segundora. Lartaun Rodriguez sartu zen hirugarren, lehen sailkatuarengandik minutu 1 eta 32 segundora.
Nesken sailkapenari dagokionez, Urdaibai Kopan lehenengo hiru postuetan sailkatu diren hirurek osatu zuten domekako Gorozikako podiuma.
Monasteriok 2 ordu, 7 minutu eta 48 segundotan burutu zuen 21 kilometroko mendi lasterketa. Handik bi minutu eta hamabi segundora helmugaratu zen Ballaz. Sanchezek 2 ordu, 21 minutu eta 31 segundo markatu zituen helmugan.
Eguraldi makurrari aurre eginez, mendi martxetan zein lasterketan parte hartu zutenei eta boluntario lanak egiten laguntzen ibili ziren guztiei eskerrak eman dizkiete Gorosti Kultur Elkarteko ordezkariek.
Hain zuzen, mendi lasterketako korrikalariek eta mendi martxa luzekoek ibilbide bera egin zuten. Mendi martxa laburra, ostera, 8 kilometrokoa izan zen.