Zapatuan bertsozaleen topagune bilakatu zen Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia.
Sei bertsolari eszenatoki gainean, eta dozenaka lagun horien parean: 200 bertsozale baino gehiago. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udagoieneko faseko lehenengo kanporaketa zegoen jokoan, eta eskualdeko bertsolariak beraien gaitasunak erakustera atera ziren, beste hainbatetan egin legez. Garaipenik lortzerik ez zuen izan ez batak ez besteak, baina gertu-gertu ibili ziren, sailkapeneko bigarren eta hirugarren postuak eskuratuz.
Imanol Uria algortarrak irabazi zuen udagoieneko lehen kanporaketa. Argazkia: Bertsozale elkartea.
Denetan Imanol Uria Albizu algortarra izan zen zapatuko onena, epaimahaiaren ustez.
Guztira, 451, 5 puntu lortu zituen, eta horrek garaipena eta finalaurrekoetarako txartela eskuratzea ahalbidetu zion.
Horren ostean sailkatu ziren Julen Erezuma Arzanegi gernikarra eta Asier Galarza Garai muxikarra.
Lehia estu-estua egon zen lehen hiruren artean; izan ere, Erezumak 449 puntu batu zituen, eta Galarzak, aldiz, puntu erdi gutxiago: 448,5 puntu.
Hiru bertsolari horiez gain, baina, beste hiru ere aritu ziren kantuan: Zaldibarko Garikoitz Sarriugarte Onaindia (439 puntu), Sopelako Paule Ixiar Loizaga Legarra (414 puntu) eta Trapagarango Ion Barrocal Besga (382,5 puntu).
Asier Galarzak, esaterako, sei bertsolarien artean,
puntu gehien lortu zituen hamarreko txikian: denetara, 113. Eta Erezuma irabazlea baino hobeto aritu zen puntu erantzunetan, hamarreko txikian eta kartzelako proban. Dena den, beste bi ataletan garaileak aterako aldeak bigarren postuan kokatu zuen gernikarra.
Imanol Uriak zapatuko garaipenari esker,
zuzenean abestuko du Berrizen azaroaren 18an jokatuko den
finalaurrekoan.
Gainontzekoak, berriz, beste bertsolarien
puntuazioen zain geratuko dira; baita Erezuma eta Galarza ere.
Hurrengo kanporaketa domeka honetan,
urriaren 14an, lehiatuko dute,
Santurtziko Serantes kultur aretoan. 17:00etan hasiko dute saioa, eta beste
sei bertsolari igoko dira taulagainera: Getxokio Arrate Illaro Etxebarria, Algortako Ekaitz Larrazabal Gutierrez Katxo, Iurretako Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Artzentalesko Imanol Arrutia Azkueta, Igorreko Iñaki Iturriotz Zuluaga eta Larrabetzuko Malen Amenabar Larrañaga.