Izaro Sub taldeko kideak, Bermeoko eta Mundakako Udalaren laguntzagaz, zapatuan aritu ziren garbiketa lanak egiten.
Azpimarratu dutenez, 4. Itsas hondoen Garbiketa Handiaren lehen jardunaldian egindako lanen
emaitzak “ikusgarriak” izan dira. Bildu ziren boluntarioen artean
2.700 kilo hondakin batzea lortu zuten. Izaro Subeko arduradunen berbetan,
egitasmoan 100 pertsona baino gehiago aritu ziren lanean, eta horien artean
34 urpekari egon ziren.
Urperakiak, lanean hasteko prest. Argazkia: Izaro Sub taldea
Guztien artean, Bermeoko portuan, Lamerapuntan, Frantxua kalan eta hondartzapean ibili ziren lanean, gune horietako hondoak garbitzen. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehorrean lanean aritu ziren 60 boluntarioez gain, Hegaluze, Ur Ridersen, Kikumbera Igeriketa Taldearen eta herriko Bela Eskolaren itsasontzien laguntza jaso zuten ekimena aurrera eraman ahal izateko.
Horiez gain, Burgostik Bermeora etorritako Club Delfin taldeko urpekariek eskainitako laguntza nabarmendu nahi izan dute. Urpeko, Gasteiz Buceo eta Eibargo Club Buceorekin elkarlanean ibili ziren, itsas hondoa era aktiboan garbituz jardunaldi osoan zehar.
Ingurumena nola zaindu ikasiz. Garbiketa lanekin batera, gazte zein nagusientzat zuzendutako
Birziklapenean jaioak gara izeneko
kontzientziazio tailerra prestatu zuten zapatu goizean. Arduradunek “garrantzia handia” eman nahi izan diote ingurumenaren hezkuntzari. Hala, tailer horien barnean, informazioa gune bat prestatu zuten, hurreratzen zen edonori ingurunea errespetatzeko egin beharrekoak azaltzeko. Bestalde, umeek natura zainduz ondo pasatzeko jolasak eduki zituzten.
Izaro Sub taldeak egitasmoan parte hartu duten boluntario guztiei eta garbiketa lanak antolatzen lagundu duten eragileei eskerrak eman nahi izan dizkie. Horiek gabe egitasmoa aurrera eramatea “ezinezkoa” izango zela nabarmendu dute, eta lortutako arrakasta handia lanean aritu diren boluntarioei esker izan dela argitu dute.
Arazoak boluntarioentzat. Garbiketa lanak arrakastatsuak izan badira ere, Izaro Subeko arduradunek Bermeoko Udaltzaingoak jarritako eragozpenak salatu nahi izan dituzte. Azaldu dutenez, Burgostik etorritako bolondresei portuan autobus bidez sartzea eragotzi zitzaien, beraien arabera “udalaren eta portuko arduradunen baiezkoa dagoeneko jasota” izan zuten arren.
Arduradunen berbetan, autobusean 25 bolondres etorri ziren, eta horietako batek gurpil-aulkia erabili behar zuen. Portura sartzea eragoztean,
kilometro bateko ibilaldia egin behar izan zutela adierazi dute, urpean aritu ahal izateko pisu handiko ekipamenduagaz.
Bermeoko Udalak adierazi duenez, “pairatutako eragozpenak sentitzen” dituzte, baina hala ere, “halako eskaerak egiterakoan beti alternatiba bat bilatzen” saiatzen direla aldarrikatu dute.
Horren harira, udalak ibilgailuaren etorrerari buruz “informaziorik izan ez zuela” argitu dute, eta Irune Ormaetxea Ingurumen zinegotzia egitasmoan bertan egon zen arren, “arazoaren berririk izan ez zuela” adierazi dute. Hortaz, udaltzaingoak araudiaren arabera jardun zuela azaldu dute.
Udalak argi nahi izan du “gertatutakoa sentitzen duela”, argi dagoelako eragozpenak sortu direla, eta halako gertaerarik berriro ez izatea espero dute. Izaro Sub taldeagaz egiten duten “hirugarren ekimena” dela nabarmendu dute, eta udalaren apustua” ingurumena zaintzen duten ekimenei laguntza ematea eta babestea” dela ziurtatu dute.