102 urte igaro dira
Talleres de Gernika sortu zutenetik. Urte mordoa egin ditu lidergoari eutsita tornuetarako amarratze soluzioak fabrikatzen eta merkaturatzen, eta hori posible egiten lagundu duten langile, akziodun, instituzio eta gainerakoak eskertu dituzte gaur enpresan bertan egindako ekitaldian.
36ko gerra, munduko gerrak eta hainbat krisialdi ekonomiko igaro ditu enpresak, eta 102. mendeurrenean,
garai berrietara aurre egiteko izan duen
gaitasuna ospatu nahi izan dute. Horregaz batera, enpresan bertan denen bistara egongo den museoa ere zabaldu dute gaur. Museo historikoa da,
enpresaren eta Euskal Herriko industriaren iragana ezagutzeko aukera eskaintzen duena. Enpresaren historiaren parte izandako zenbait elementu bildu dituzte: hala nola, makineria, finantziazioari lotutako dokumentazioa, argazkiak, lehen publizitate kanpainak eta bestelako materialak.
Gaur goizean egin dute museoaren inaugurazio ekitaldia, eta horregatik, hainbat kideren konpainia izan du enpresak. Langileak izan dira bertan, eta, horregaz batera, baita enpresako arduradunak, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde garapena sustatzeko foru diputatua eta Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroño.
Hain zuzen, 1916. urtean sortu zuten Talleres de Gernika bezala ezagutu izan zena. Egoera, dena den, bestelakoa da egun, eta garaiak ere aldatu egin dira; hori dela eta, eta aro berrira egokitzeko asmoz, izena bera eta
markaren irudia aldatzearen hautua hartu dute oraintsu. Hala, TDG Clamping Solutions izenagaz ezagutuko denak orduko hartan berrikuntzaren alde hartutako konpromisoa berresten du. Izan ere, enpresaren
erronka berrikuntzarekiko, kalitatearekiko eta nazioarteko merkatuekiko konpromisoari eustea da.
Sortu zutenez geroztik, Gernika-Lumon izan du egoitza aipatu enpresak. Lantaldean 42 langile ditu, eta bere
ekoizpenaren %70a esportaziora bideratzen du, hartara, 30 herrialde baino gehagogaz harreman zuzena mantenduz.
Historia handia dauka Talleres de Gernikak: eraikina bera babestuta dago bere balore historikoagatik; izan ere, Gernikako
bonbardaketan zutik mantentzea lortu zuten eraikin gutxiren artean izan zen.
Bere hasieran, tornuetarako plater txikiak egiten zituen, eta baita barauts-zorrozgailuak eta mozketarako bestelako tresnak. XXI. mendeagaz batera, baina, munduko tornurako plater automatiko handiena eraiki zuten. Zazpi metroko diametroagaz, 73 tona burdin erabili behar izan zituzten, 1.500 gradutara landuta.
Iñigo Urkullu lehendakariak TDG Clamping Solutions enpresaren ibilbidearen eta orain arte egindako ahaleginaren garrantzia azpimarratu nahi izan du gaurko ekitaldian: “Proiektu bat aurrera atera dute, enplegu-aukeren sorreran lagundu dute, eta euskal gizartearen ongizaterak aberastasuna sortu dute”. Azken finean, enpresak daukan “mundu mailako bokazioa” nabarmendu du, eta baita “bezero bakoitzari proposamen berritzaileekin eta kalitate handiko produktuekin erantzuteko ahalmena” ere.
Urkulluk aditzera eman duenez, Jaurlaritzak bere aldetik, hazkunde jasangarriaren oinarriak eta kalitateko enplegu-aukeren sorrera finkatzen laguntzen jarraituko du. Gogorarazi du, gainera, inbertsioekiko konpromisoa gehituko dutela: “Espero dut, oso laster, gauzatuta egotea enpresen lehiakortasunerako lagungarriak izango diren tarifa elektrikoa bermatzeko neurriak”.
Imanol Pradales diputatuak, berriz, enpresa bera zoriondu nahi izan du aldundiaren izenean: “Gaurkoa zoriontzeko eguna da, oraindik lehian, lanean aritzeagatik eta etorkizuneko begiradari eusteagatik. 102 urtetan denetarik egin duzue eta ondo”.