Herri txikietara arte garaikidea hurreratzea asmoa duen Harriak programaren barruan, ‘Trenza’ erakusketa ikusgai dago Eskolondon. Sentiberatasuna bultzatzeko eta lan eta gogoeta prozesuak ikusarazteko helburuz sortu zuten ekimena.
“Arraroa da; sinplea da. Hori nire seme-alabek ere egin dezakete. Hau artea da?”. Erakusketa areto batera joan, eta arte garaikidea ulertzen ez dutenek edota artean adituak ez direnek egin ditzaketen baieztapen zein galderak dira horiek.
Ezjakintasun horretatik sorkuntza horiek ulertzera pasatzea sarritan dirudiena baino errazagoa da. Gertutasunez eta naturaltasunez begitanduta, hausnartu eta artistaren asmoa ulertu daiteke.
Hiriburuetan mota askotako erakusketak ikustera ohitu gara, baina herri txikietako aretoetan arte garaikidea topatzea ez da hain erraza. Horri erantzuna eman asmoz sortu zen Harriak programa, eta haren eskutik dator Eako Eskolondon ikusgai dagoen Trenza erakusketa.
Hiru emakumeren lanekin osatutako bilduma da; Hiru txirikorda, hiru txirikordatzen, hiru txirikordak txirikordatzen.
Esti Ibarra elorriarrak, Beatriz Setien donostiarrak eta Claudia Rebeca Lorenzo errioxarrak osatutako erakusketa ibiltaria da. Trentzak edo txirikordak euren ikuspegi intimotik landu dituzte. Sendotzeko, elkarri lotzeko zein gurutzatzeko dira txirikordak, eta euren zentzuari edota erabilerari buruzko gogoetarako gonbitea da erakusketa.
Ibarra Arte Ederretako laugarren mailako ikaslea da, Setienek eta Lorenzok, ostera, arte esperimentalean eta garaikidean ibilbide luzeagoa daukate. Halaber, Setienek dantza eta arte eszenikoetan esperientzia du, eta besteren artean, dantzari eta koreografa aritu zen Frantzian.
Hain zuzen, artista hasiberrien eta esperimentatuen lanak uztartzen dituzte programaren erakusketetan. Aniztasuna bermatzen dute, beraz, sorkuntzan zein sortzaileen artean.
Harriak programa
Herri txikietan sorkuntza garaikidearekiko sentiberatasuna bultzatzera eta artearen inguruko lanketa eta gogoeta prozesuak ikusaraztera bideratuta dago Harriak programa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kultur etxeetako aretoetara hurbildu dituzte hirugarren urtez artista garaikideen sormen lanak. “Harriak arte garaikideko programa da. Arte bitartekaritzarako, eraskusketarako eta dibulgazioareko espazio berriak sortzeko helburua dauka”, azaldu du Jon Otamendi programaren koordinatzaileak.
eskolondo
Arte garaikidearen eta herritarren arteko zubilana egiten dute, eta mota horretako lanez osatutako erakusketak zein bestelako ekintzak suspertu eta indartu gura dituzte. “Herrietako egitarauetan gero-eta leku gutxiago dauka arte garaikideak, eta horri buelta emateko asmoz sortu genuen programa”, dio.
Eremuak espazioa
Praktika artistikoen testuingurua euskal esparruan inplementatzeko prestatutako espazioa da Eremuak, eta horren barruko programa da Harriak. Artistentzat eta sortzaileentzat plataforma bat eskaintzeko helburuagaz sortu zuten 2010ean.
Errealitate artistikoko behatoki gisa funtzionatzen duen lantokia prestatzeko zereginean dihardute bertako kideek, non sistema, testuingurua, komunitatea eta erakunde bezalako nozioak paradigma saihestezinak bihurtuko diren.
Beraz, zortzi urte daramatzate arte garaikidea eta beste jarduera “artistiko eta diskurtsiboak” gizarteratzen, ekoizpenaren eta hedapenaren arteko “beharrezko korrelazioan eraginez”.
Hala, Eremuak-ek deialdi ireki eta jarraitua bezala funtzionatzen du: sormenari, interpretazioari eta bitartekotzari lotutako proposamenak ekoizten ditu.
Eztabaidarako eta topaketarako giroa sortzen laguntzeko helburua ere badute, artearen inguruko politika publikoak eta kulturaren arloko jarduera garaikideentzat garrantzia daukaten beste gai batzuk jorratzeko, hitzaldi, mintegi edo eta lan-mahaien bidez. Era berean, politika publiko eta parte-hartzailea sustatzen dute.
Trenza erakusketak Ean izandako harreragaz pozik daude, eta erakustokia oso aproposa dela nabarmendu du Otamendik. Leihatetik sartzen den argiak kutsu berezia ematen dio, eta, gainera, bisitariari Ean dagoela gogora ekartzen dio: “Askotan areto zuri batera sartzean edozein lekutako erakusketa batean zaudela esan liteke;?hemen edo Jupiterren. Leihate ederra dauka, argi asko sartzen da, eta erakusketaren lekua presente dago. Berezia egiten duen zer edo zer dauka”.
Harriak programa erakusketa ibiltariek eta herri jakin baterako beren-beregi sortutakoek osatzen dute. Otamendik dioenez, baliteke datorren urterako Earako propio sortutako erakusketa ekartzea ere: “Arte garaikidean ohikoa da espazioak dituen ezaugarrietara egokituta lan egitea. Sarritan gauza oso zehatzak sortzen dira, eta hori oso ederra da”.
Programaren aurreko urteetan ez bezala, oraingo honetan erakusketaren osagarri diren testuak sartu dituzte. “Artistez gain, beste gonbidatu bat sartzea erabaki genuen. Behin erakusketa muntatuta, harentzako testu aproposa sortu dute”.
Eako erakusketarako bi testu egin dituzte. Bata Maia Villot erakusketaren komisarioak idatzi du, eta beste testua Camilla Tellezena da. Azken horrek arte eszenikoan eta dantza munduan ibilbide luzea dauka, eta aldizkari espezializatuetarako testuak egiten ditu.
Otamendiren berbetan, testuek erakusketetara modu naturalagoan hurbiltzeko aukera eskaintzen diote bisitariari. Hain zuzen ere, Harriak programak horixe bilatzen du; herritarren eta arte garaikidearen arteko harremana gertukoa izatea, “bertakotzea edo etxekotzea”. Itxuraz edo hasiera batean arraroa dena arrunta bihurtzea, alegia: “‘Honek ze zentzu dauka’ galdetzen dute askok, eta normala da halako galderak egitea. Ona litzateke urtez urte norbere buruari hori galdetzea. Horrela arraro sentsazio hori galtzen joaten delako. Gertatzen ari denagaz harreman pertsonal moduko bat sortzen da. Eta hori bilatzen dugu; harreman hori naturalizatzea. Garrantzitsua bezain polita da”.