Gipuzkoako zahar etxeetako langileak grebara deitu dituzte
ELA sindikatuak deituta, lanuzteak egingo dituzte, lan baldintzak hobetzeko eskatuaz. Patronalek negoziatzeko borondaterik erakusten ez badute mobilizazioak areagotuko dituztela dio LABekUrte amaiera arte lanuzteak egitera deituta daude Gipuzkoako zaha...
ELA sindikatuak deituta, lanuzteak egingo dituzte, lan baldintzak hobetzeko eskatuaz. Patronalek negoziatzeko borondaterik erakusten ez badute mobilizazioak areagotuko dituztela dio LABek
Urte amaiera arte lanuzteak egitera deituta daude Gipuzkoako zahar etxeetako langileak. ELA sindikatuak egin du greba deialdia, eta, guztira, hamazazpi greba egun iragarri dituzte. Honakoak dira deitu dituzten hurrengo lanuzte egunak: urriaren 24tik 26ra, azaroaren 26tik 30ra eta abenduaren 24tik 31ra.Barikuan egin zuten lehen mobilizazio eguna, eta lan baldintzak hobetzeko aldarrikapena eta langileen eskariak onartzeko eskatu dute Donostian. ELAko ordezkariek azpimarratu dutenez, jarraipen zabala eduki zuen Gipuzkoako zahar etxeetako lehen greba egunak. «Deialdiak oso erantzun ona eduki du, eta alde horretatik oso pozik gaude. Beraien aldarrikapenak defendatzera jende pila bat irten da kalera. Mutrikuko egoitzako langileetariko askok ere bat egin dute greba egunarekin».
Ia bi urte pasa dira Gipuzkoako zahar etxeetako hitzarmen berria adosteko eta indarrean zeuden enpresa hitzarmen kolektiboak berritzeko mahaia ireki zenetik. Egoeraren blokeoaren aurrean, greba deitzea beste biderik ez dutela eduki adierazi dute ELAko ordezkariek. «Mobilizazioak, sozializazio kanpaina indartsuak eta hainbat saiakera egin ditugu aldundiarekin eta patronalarekin negoziatzen hasteko, baina 22 hilabete igaro eta gero, ez da inolako mugimendurik egon».
ELAk salatu duenez, negoziazioak hasi zirenetik patronalek eta aldundiak beren proposamena disimulurik gabe jakinarazi dituzte. «Enpresa hitzarmena duten langileen soldatak izoztu eta eskubide sozialak kendu dituzte, hobekuntzak dituzten langileak zigortuz. Enpresa hitzarmenak ere indargabetu dituzte, hori baita erreformaren aurka klausulak bermatu daitezkeen esparru bakarra. Azkenik, hainbat eta hainbat egoitzatan dauden hobekuntzak desagertarazi nahi dituzte, alegia, 2005-2008 abiapuntu hartzea nahi dute, egungo zaintza sistema jasangarria ez dela argudiatuz. Langileek 2015-2016rako dute bakarrik lotuta hitzarmena, eta eguneraketa bat eta beraien lan baldintzak hobetzea eskatzen dute».
Hitzarmen kolektiboak
Zahar etxeetako langileen asmoa oso argia izan da hasieratik: akordio bakarra egitea eta bi esparruetako hitzarmen kolektiboak sinatzea. Hau da, sektore hitzarmena eta enpresa hitzarmenak aldi berean sinatzea, alegia. Azpimarratu dutenez, akordio berriak enpresa hitzarmenetan dituzte baldintzak errespe- tatu, soldata hobekuntza nabarmenak ekarri eta hurrengo urteetan prekarietateari aurre egiteko lan baldintzak onartu behar ditu.
ELA gehiengoa duen sindikatua baldin bada ere, Gipuzkoako zahar etxeetako hitzamen mahaia LABek, UGTek eta CCOOek osatzen dute.
LABek ere herrialdeko hitzarmenaren negoziazioaren aldeko apustu garbia egin du hasieratik, eta «patronalen eta erakundeen utzikeria ikusita», mobilizazioekin jarraituko duela adierazi du.
Negoziazio mahaia, astelehenean batu zen UGTk eskatuta, eta LABek salatu duenez, patronalek ez diete sindikatuek duela bi urte aurkeztutako plataformei erantzunik eman. «LAB sindikatuak argi azaldu du patronalek negoziatzeko borondatea izanez gero, LAB negoziazio egutegi baten aldeko apustua egingo duela, baina borondaterik erakutsiko ez balute, LABek mobilizazioak areagotuko lituzke grebarako deialdia eginez». Bien bitartean, auto karabanak eta elkarretaratzeak egingo dituzte urriaren 8an, urriaren 23an eta azaroaren 25ean, Oarsoaldean, Urola Kostan eta Debagoienean, hurrenez hurren.