Beste urte batez, Berbalagun egitasmoa jarri dute martxan Bermeon eta Gernika-Lumon.
Praktikatu eta bizi mezuagaz, Berbalagunen parte hartzen duten pertsonei
lagunartean euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukera eman nahi diete, eskoletan eta euskaltegietan euskaraz soilik aritu beharrean hortik kanpora ere aritzeko.
Bermeon, esaterako, gaur aurkeztu dute egitasmoa Juan Karlos Agirre Euskara zinegotziak, Maite Alvarez Euskara teknikariak, Marimar Hernandez Berbalagunen dinamizatzaileak eta Iratxe Garmendia AEK euskaltegiko ordezkariak. Berbalagun proiektua “elkarlanean” sortu dutela jakitera eman, eta urtez urte “aberastuz” doala nabarmendu dute, herritarren artean “oso harrera ona” izaten baitu.
Parte hartzaileak egitasmoagaz “pozik” daudela adierazi dute arduradunek, eta ikasitakoa “era natural batean adierazteko” aukera ematen duela. Horrela, jardueran parte hartzen duten pertsonek “lagunartean euskaraz eginez,
hizkuntza bizia eta adierazkorra” lantzen dute,
egunerokotasunean euskara erabiltzeko gaitasunak hartuta. “Giro atseginean eta lagunartean, ahalegin handirik edo ordutegi arazorik gabe”, parte hartzaileek beraiek erabakitzen dute noiz eta nola euskara praktikatu.
Bermeon gaur aurkeztu dute egitasmoa.
Bermeon eta Gernika-Lumon abian dagoen egitasmoan
edonork parte hartu dezake: “Euskararen bidea egiten ari denak, praktikaren bidez euskara hobetu nahi duenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak”. Euskara praktikatzerako orduan,
5-6 laguneko taldeetan bilduko dira parte hartzaileak batean zein bestean, eta horiek osatzerakoan bakoitzaren adina, zaletasunak eta biltzeko orduak hartuko dituzte kontuan.
Mintzatzaileak nahi duten edozein tokitan bildu daitezke: kafetegian, tabernan edota paseoan ibiltzeko, esaterako. Gaurko aukezpenean, Bermeoko dinamizatzaileak argi utzi du
Berbalagun ez dela eskola bat, “modu ludiko eta natural batean lagunartean euskarara hurbiltzeko eta euskara praktikatzeko” bidea baizik, eta proiektuan parte hartzeko “euskaraz berba egiteko gogoa” baino ez dela behar adierazi du.
Jarduera osagarriak. Euskaraz aritzeko geratzeagaz batera, Berbalagunek beste hainbat jarduera osagarri prestatuko ditu aurten ere, urtean zehar egiteko.
Horien artean dago, esaterako,
Gurasolagun izenekoa. Horren bitartez, gurasoek eta umeek elkarrekin euskaraz egiteko aukera daukate. Gurasolagun ekimenak familientzako berbataldeak sortzeko balioko du, eta bertan, jolasak, txangoak eta tailerrak egingo dituzte, “helduak eta haurrak batera aritzeko”.
Ekimenagaz,
gurasoen eta seme-alaben arteko “transmisioa indartu” nahi dute, baita gurasoen artean “euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu” ere. Bermeokoek adierazi dutenez, urtean bitan, gutxienez, asteburu-pasak antolatuko dituzte Gurasolagunen barruan.
Beste ekintza osagarrien artean, bidaietako kronikak, eskulanak edo dantza tailerrak egingo dituzte, esaterako, Bermeon. Iazko esperientzia arrakastatsua ikusita, aurten ere kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak antolatuko dituzte: mendilagun, bizikletan ibiltzeko taldeak, martxa nordikoa edota berbabentura ekimena, eskia, eskalada eta surfa batzen dituena.
Kanpoan bizi diren beste euskaldun batzuekin ere euskaraz aritzeko aukera eskainiko dutela adierazi dute,
Mintzanet zerbitzuaren bitartez bideo-konferentziak egiteko.
Bestalde, gogorarazi dute
Berbalagun lehiaketa martxan jarriko dutela beste urte batez, Bermeon. Guztira, hiru lehiaketa egingo dituzte, eta lehenengoa
azaroaren 5etik 23ra bitartean egingo dute. Ondorengo biak neguan eta udaberrian egingo dituzte. Nabarmendu dutenez, lehiaketetan “parte hartze handia” egoten da, eta irabazlearentzako saria Errigorako otzara izango dela aurreratu dute.
Gernika-Lumoko
Ezetz Jakin lehiaketak ere arrakasta izaten du.
Hilero antolatzen dute azaroan hasita, eta aurten ere, hala egingo dute. Galdera sorta prestatzen dute lehiaketa bakoitzerako, eta galdera guztiak ondo erantzuten dituztenen artean, herriko jatetxe edo taberna batean bi lagunentzako jatordua zozkatzen dute.