Inoizko parte hartzerik handiena eduki dute Forutik Forura proban
Mikel Monasteriok eta Itsaso Quincocesek irabazi dute Foruko mendi lasterketa. Guztira 555 parte hartzaile elkartu dira. Urdaibai Koparen azken proba domekan izango da Gorozikan10. urteurrena eurekin ospatzeko gonbidapena luzatu zuten Haitz Biribil elk...
Mikel Monasteriok eta Itsaso Quincocesek irabazi dute Foruko mendi lasterketa. Guztira 555 parte hartzaile elkartu dira. Urdaibai Koparen azken proba domekan izango da Gorozikan
10. urteurrena eurekin ospatzeko gonbidapena luzatu zuten Haitz Biribil elkarteko kideek, eta forutarrek zein inguruko herrietako bizilagunek ez zuten hutsik egin. Inoizko parte hartze handiena izan da Forutik Forura proban.Aurreikuspenak gaindituta, pozik daude antolatzaileak. Hain zuzen, lehenengo urtean izan zuten parte hartze handiena, eta hori gainditzea lortu dute aurten. Hiru probak kontuan hartuta, 555 parte hartzaile elkartu ziren domekan, Foruan. «Eguraldi ezin hobeagaz, orokorrean jendea oso gustura egon zen», esan dute antolatzaileek.
Urteurren borobila izan denez, Forutik Forura Mendi Jaia izan da aurtengoa, eta mendi martxa eta lasterketaz gain, herri bazkaria egin zuten. Arratsaldean, berriz, Etxebarria aita-semeen musikagaz girotu zuten Elezalde auzoa, eta umeen jolasak eta puzgarriak izan zituzten.
Urdaibai Koparen azken aurreko mendi lasterketa lehiatu zuten, eta Mikel Monasterio Asteinza bermetoarrak eta Itsaso Quincoces Quincocesek jantzi zituzten txapelak. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 39 korrikalarik parte hartu zuten.
Monasteriok ordubete, 35 minutu eta 19 segundotan amaitu zuen 21,5 kilometroko proba; eguerdiko hamabiak eta bost pasatxotan heldu zen helmugara. Harengandik minutu 1 eta 7 segundora ailegatu zen Unai Intxaurraga, eta Ekaitz Lejarzegik osatu zuen gizonezkoen podiuma. Lejarzegi Monasteriorengandik 2 minutu eta 6 segundora helmugaratu zen, eta Lejarzegirengandik 4 segundora heldu zen Aritz Martin laugarren sailkatua.
Emakumezkoen sailkapenari dagokionez, Leire Monasteriok eta Leire Sanchezek osatu zuten podiuma. Quincocesek 2 ordu, 10 minutu eta 45 segundotan burutu zuen mendi lasterketa. Monasterio 2 minutura heldu zen, eta Sanchezek 2 ordu, 29 minutu eta 28 segundoko denbora markatu zuen.
Urdaibai Koparen azken proba domekan lehiatuko dute, Gorozikan. Aurrez izena eman gura dutenek eguenera arte dute aukera: www.urdaibaikopa.eus.