Eguzkitsu etorri da San Jeronimo
Bi egunez Mutrikuko Mijoa auzoa San Jeronimo jaietan murgilduta egon da. Beste urte batez, ermita eta inguruak jai gosez egon diren herritarrez bete dira. Denak asetzeko osagaiak izan dituzte jaiek.Mutrikuko Mijoa auzoko sanjeronimoetan euria egitea oh...
Bi egunez Mutrikuko Mijoa auzoa San Jeronimo jaietan murgilduta egon da. Beste urte batez, ermita eta inguruak jai gosez egon diren herritarrez bete dira. Denak asetzeko osagaiak izan dituzte jaiek.
Mutrikuko Mijoa auzoko sanjeronimoetan euria egitea ohikoa baldin bada ere, aurtengoan, eguraldi ederra eta eguzkitsua izan da nagusi.Ospakizunei dagokienez, bi egunez auzoa jaietan murgilduta egon da, eta ekintzak arrakastaz egin direla aitortu dute jai batzordeko kideek. «Jaiak ondo joan dira. Gustura geratu gara. Eguraldi ona egin du, eta nahikoa jende ibili da auzoan».
Jaietako egun handia domekakoa izan bazen ere, zapatuan ere egon zen zer ospatu Mijoan. Besteak beste, auzo bazkaria egin zuten, eta bertan 50 lagunetik gora batu ziren.
Domekan, aldiz, San Jeronimo eguna goi-goitik ospatu zuten. Ohi modura, meza egin zen auzoko ermitan, eta urteroko hitzorduari hutsik egin ez zion jende asko batu zen. Elizkizuna bukatu ondoren, auzokoen arteko herri kirol erakustaldia ikusteko aukera eduki zuten bertaratuek.
Auzotarren lana
Erakustaldia giro onean egin zen, eta auzotarrek ez ezik, kanpotik gerturatutakoek ere herri kiroletan aritzeko aukera izan zuten. Gazteenek, gainera, herri kirolen bueltan lanean hasteko egun aproposa izan zuten etxekoek lagunduta. Txokor batzen, edota trontzan ibili ziren. Pisu gutxiko harriak ere ekarri zituzten, eta umeek harri jasotzen ibiltzeko aukera ezin hobea eduki zuten.
Arratsaldean, berriz, Hipo eta Tomax pailazoek ume eta gaztetxo asko erakarri zituzten auzora. Pailazoen ikuskizunaren ondoren, Ibiri baserriko pottoka gainean ibiltzeko ziren umeak, eta ausartenak zezen txikien aurrean ibili ziren jaietako agertoki atzeko zelaian. Urtero modura, Isasiko Patxilin ere torero mozorroa jantzita ibili zen zezen txikien aurrean.
Jaiak amaitzeko, zozketa egin zuten. Honakoak izan dira zenbaki sarituak. Lehenengo saria (600 euro): 3568 (5941 ordezkoa). Bigarren saria (300 euro): 8039 (8947 ordezkoa).
Jai Batzordeko kideek, azkenik, txosnako sukaldean aritu diren auzotarren lana goraipatu nahi izan dute. «Sukaldeko andreek urrea merezi dute. Lan zoragarria egin dute».