Aritz Abaroa Bermeoko EAJren bozeramaileak salatu duenez, “EH Bilduk EAJgaz izenpetutako
akordioak bete barik ditu oraindik”.
Oraingo Legealdian zergen inguruan bi alderdiek adostutako
bi akordioren ondorioz lortu beharreko hobekuntzak gauzatzeko orduan, jeltzaleek “gobernu taldeak
itxikeria erakutsi” duela adierazi dute. Adierazi dutenez, lehen akordioari esker Talan, Zarragoitxin, Itsasbegin eta Iparragirren
hobekuntzak egitearen truke, EH Bilduri “Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga eguneratzea posible egin zitzaion”.
Bigarren akordioagaz, ostera, herriko
edukiontzien guneak hobetzea, gune horietan bosgarren edukiontzia instalatzea eta umeentzako jolas guneetako hondakinak gaika batzeko edukiontziak jartzea adostu zuten. Horren trukera, tasak eta zergak igotzea eskatu zuten.
Abaroaren esanetan,
“udal gobernuak ez du lan horien jarraipenik egiten”. Akordioei buruz hitz egiteko “pare bat aldiz” deitu dietela salatu du, baina behin jeltzaleen babesa lortuta “akordiak izoztuta” gelditu direla dio. Horri lotuta, urte amaiera iristear egonik, azken hilabeteetan adostutakoak betetzen ez badituzte
“akordioak apurtu” egingo dituztela adierazi du bozeramaileak.
Jeltzaleentzako, “adostutako akordioak ez betetzeak ez dio EAJri kalterik egiten, Bermeoko herritarrei baino”. Herritarrei “ahaleginak egitea eskatu” ondoren, akordioetan esandakoa bete egin behar dutela beharrezkoa dela aldarrikatu dute.
Bestalde, Bermeoko Gurutze Gorriak “herrian egiten duen lan garrantzitsua arautu eta balioan jartzen duen hitzarmena” udal gobernuaren aldetik sinatu gabe dagoela esan du EAJren bozeramaileak. Bere berbetan, hori “udal gobernuak bere hitza jaten duenaren erakuslea” da.
Joan den astean egin zuten Osoko Bilkura.
Zehaztu duenez, gobernu taldeari hitzarmen horren oinarriak zehazten laguntzeko zirriborroa aurreratu zieten jeltzaleek, eta
urte bete baino gehiago igaro da ideia proposatu zutenetik, baina orain arte “ezer ez dutela jakin” salatu dute, “osoko bilkura guztietan gai horri buruz galdetu” duten arren.
“Gurutze Gorriak oso lan garrantzitsua egiten du eta udalaren aldetik ezinbestekoa da lan hori aipatzea eta kolaborazioan aritzea. Udal gertakari eta ekitaldietan prebentzio lana egiteaz gain, egunero lan sozial ikusiezin baina funtsezkoa egiten du: ahultasun egoeran dauden adinekoei ematen dieten laguntza eta egiten dieten jarraipena, adibidez”, nabarmendu du Abaroak. Bere ustetan, “guztiz onartezina” da EH Bilduk “besteen lana baloratzeko orduan erakusten duen arduragabekeria”.
Elkarbizitzarako araudia. “Ordenantzak betetzekoak direla” gogoratu du Abaroak, eta ezin direla “subjektibotasunez aplikatu”. Horren harira, elkarbizitzarako araudia ekarri du gogora jeltzaleak, eta herrian kartel eta pankartak jarri nahi dituztenen artean ezin dela “salbuespenik egin” adierazi du. Udalak herriko elkarte batek pankartak jartzeko egindako eskaerari uko egin diola adierazi dute jeltzaleek, eta “kartel eta pankartekin ezin dela salbuespenik” egin. “Arauak denek bete behar dituztela” diote, eta ez dagoela “lehen edo bigarren mailako herritarrik”.
Salaketa “ulertezinak”. Bermeoko Udalak, bere aldetik, EAJk egindako
salaketei erantzuna eman die. Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak adierazi duenez, “Bermeoko Udal Gobernua lanean ari da herriko
hainbat tokitan irisgarritasuna bermatzeko eta hobekuntzak egiteko, besteak beste, Talan, Zarragoitxin eta Itxasbegin”.
Lan horiez gain, “bosgarren edukiontzia jartzeko prozesua martxan” dagoela adierazi du eta “jolas guneetan hondakinak gaika batzeko edukiontziak leku gehienetan jarrita” daudela argitu du. Izan ere, “Lameran eta Atalden jarrita daude eta Erretenekoak aurreikusita eta erosita daude, baina Aterpeko lanak hasi arte itxaron egingo da”.
Azalpen horiek “Osoko Bilkuran eta aurretik ere batzar ezberdinetan eman” dituztela gogoratu du Ibarrolazak. Horregatik, EAJk udal gobernuari egindako
kritikak “ulertezinak” direla adierazi du. “EAJk Udal Gobernuaren kontrako akusazio gogorrak egin ditu, nahiz eta, ondo jakin, lehen eskuko informazioa dutelako, zailtasun guztien gainetik, Udal Gobernua akordio guzti horiek jasotzen dituzten proiektuak martxan jartzeko gogor lanean dabilela”, nabarmendu du.
Hori dela eta, “EAJk akordioa apurtuko duela esatea” ez da ulergarria Ibarrolazarentzat. “Arazoa zein da? Hauteskundeak direla eta, ez dutela gurekin akordiorik izan nahi eta, gezurrak argudio moduan erabiliz, orain arte lortutakoak apurtu nahi dituztela? Hori bada euren erabakia, eurek ikusiko dute; guk, gure aldetik, akordio horiek jasotzen dituzten proiektuak martxan jartzen ari gara, legealdi guztian zehar egin dugun moduan, guretzat, alderdikerien gainetik, herritarrak eta euren beharrizanak direlako lehentasuna”, aldarrikatu du.
Zarragoitxiren kasuari dagokionez, “EAJk dakien moduan,
arazo teknikoak egon dira, baina momentu honetan proiektua bideratzen” ari direla argitu du alkateordeak. Gaineratu duenez, Talan jadanik egin dituzte “irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan», eta “epe laburrean aparkalekura irisgarritasuna bermatzeko lanak” egingo dituztela gaineratu du: espaloia bertara sartzeko egokitu eta argiteria, lurzorua edota margotze lanak egiteko asmoa du udalak.
Gainerako salaketei ere erantzuna eman die Ibarrolazak. Argitu duenez, udalak
urrian sinatuko du Gurutz Gorriarekin hitzarmena. “Udalak Gurutz Gorriari azken zirriborroa uztailaren 11n” bidali ziola zehaztu du, eta “Gurutz Gorriaren ekarpenak jaso ondoren” urrian sinatuko dutela azpimarratu du.
Elkarbizitzarako araudiaren inguruan, alkateak “Osoko Bilkuran Bermeoko Udalak ez diola inori pankartarik jartzeko baimenik eman” adierazi du Ibarrolazak, eta “ezinezkoa dela salbuespenik egitea herritar batzuen eta beste batzuen artean”. Pankartak herrian talde ezberdinek jartzen dituztela, baina «pankartarik jartzeko inork ez duela Udalaren baimenik izan” adierazi du.
“Eraso, akusazio faltsu eta alderdikeri guztien gainetik”, Udal Gobernua “herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak martxan jartzeko eta aurrera begira
gainerako alderdiekin akordioak lortzeko prest” agertuko dela esanez bukatu du, “herritarrentzat onak diren heinean”.