Aratz Mugertzak hirugarren postua lortu du Euskal Pentatloi Sarian
49 minutu eta 47 segundo behar izan ditu mutrikuarrak lanak amaitzeko. 80 kilotik azpikoen saria ere eskuratu du. Mugertzak aitortu duenez, txapelketa «luze xamar» egin zaioZapatuan jokatu zen VI. Euskal Pentatloi Saria, Azpeitiko zezen plazan. Aratz...
49 minutu eta 47 segundo behar izan ditu mutrikuarrak lanak amaitzeko. 80 kilotik azpikoen saria ere eskuratu du. Mugertzak aitortu duenez, txapelketa «luze xamar» egin zaio
Zapatuan jokatu zen VI. Euskal Pentatloi Saria, Azpeitiko zezen plazan. Aratz Mugertza mutrikuarrak bertan parte hartu zuen. Hirugarren egin zuen, 49 minutu eta 47 segundoko denborarekin, eta 80 kilotik azpikoen saria ere eskuratu zuen.Lehiari dagokionez, bi txandatan banatuta aritu ziren kirolariak. Xabier Zaldua, Luis Txapartegi eta Aritz Azpiazu Arria VI azpeitiarra izan ziren lehenengoak indarrak neurtzen, eta Mugertza III.a eta Jon Gisasola Zelai V bigarren zatian aritu ziren.
100 kiloko bolari 25 altxaldi eman behar izan zizkioten lehiakideek lehen proban. Giza proban bi plaza osatu zituzten ondoren, eta aizkoran kanaerdiko hiruna enbor moztu eta gero, 50na kiloko txingekin sei plaza bete zituzten. 3 kilometroko korrika saioarekin bukatu zuten.
Xabier Zalduak eroan zuen txapela. Zumarragarra izan zen azkarrena harriari 25 altxaldiak ematen, eta abantailari eusten jakin zuen. 36 minutu eta 26 segundo behar izan zituen lan guztiak amaitzeko.
Gustura
Aratz Mugertza gustura geratu zen bere lanarekin. Mutrikuarrak 23:00etan ekin zion lanari, eta aitortu du «luze xamar» egin zitzaiola. Edozelan ere, giro ederra egon zela esan du. «1.000 lagun inguru batu ziren, eta herritik ere joandakoak hantxe zeuden. Bestetik, esango nuke sekula baino gehiago batu zirela; gazte asko». Izan ere, euskal pentatloiaren deialdiak ikusmina eragin zuen. Izan ere, orain dela 28 urte jokatu zuten azken pentatloia. 80ko hamarkadan jokatu zituzten orain arte egin diren bost pentatloi txapelketak.