Gabriel Arestiren
Harri eta herri (Rock & Core) eta
Maldan behera (Downhill) lanak
ingelesera itzultzeagatik saritu dute Gabantxo. Renon dagoen Nevadako Unibertsitateko
Center for Basque Studies-ek argitaratu ditu idazlearen itzulpen horiek, liburuki bakar batean.
Etxepare Euskal Institutuak Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria antolatzen duen
laugarren aldia izan da aurtengoa. Jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko asmoagaz sortu zuten saria, “itzulpenak direlako euskal idazleek eta horien lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia”. Horrela, itzultzaileen
ezkutuko lana nabarmendu nahi dute, eta irabazleari
2.000 euroko diru-laguntza eskaintzen diote.
Amaia Gabantxo saria jasotzen, Euskadiko Artxibo Historikoan. Argazkia: Etxepare Euskal Institutua
Gabantxok joan den astean jaso zuen bere lanak aintzat hartzen dituen saria Bilboko Euskadiko Artxibo Historikoan antolatutako ekitaldi batean. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua egon zen bertan, eta Amaia Gabantxok egin duen lanari eta, oro har, itzulpenei esker, “gure hizkuntza, kultura eta sortzaileen talentua mugetatik harago eraman” ahal dela aldarrikatu zuen, baita “itzulpenek euskarari zein euskal kulturari ateak irekitzeko” duten garrantzia nabarmendu ere.
Saria erabakitzeko orduan, epaimahaiak
itzulpenaren kalitatea baloratu du, bai eta argitaletxeak egin duen
sustapen lana ere. Gabantxok egindako itzulpenen inguruan, horien “egokitasuna” nabarmendu dute epaileek, horien arabera jatorrizko lanen
“tonuari eta erritmoari eusten” baitie. “Itzulpen librea baina justifikatua” dela azpimarratu dute, “jatorrizko bertsioaren esanahia edo zentzuari jarraitzen diona”.
Itzulpenez gain, aukeratutako
itzulgaien garrantzia nabarmendu nahi izan du epaimahaiak, “obra kanonikoak” direlako, eta “balio akademiko handikoak, ingelesera itzulita izatea merezi dutenak”
.
Euskarazko obrak, munduan zehar. 1973an jaiotako bermeotarra idazlea, flamenko abeslaria eta euskal literaturan espezializatutako itzultzailea da. Hainbat lan egin ditu itzultzaile moduan, eta bere eskutik honako obra hauek itzuli dira ingelesera:
Twist eta
Belarraren ahoa (Harkaitz Cano),
Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe),
Zorion perfektua (Anjel Lertxundi),
Vredaman (Unai Elorriaga) edo
Borrokaria (Bernado Axaga), besteak beste.
Gabantxo kolaboratzailea da zenbait literatura argitalpenetan, kritikari zein editore gisa. Euskara, literatura eta sormen-idazkera irakasten ditu Chicagoko Unibertsitatean ,eta hiri horretan barrena emanaldien protagonista izan ohi da.