Demokraziaren argiak euskaldunak eta katalanak elkartu ditu gaur, Gernika-Lumon
[IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKIAK]
Orain dela urtebete demokrazia nagusitu zela nabarmendu du: “Bi milloitik gora lagunen bozkatzeko hautua debeku eta indarkeriarekin geldiarazi nahi izan zutenek demokrazia suntsitzeko helburua zuten. Demokrazia katalana suntsitzea. Baina, ez zuten lortu; demokrazia herritarra gailendu zitzaien, eta argi bilakatu zen.” Orduan piztutako argiak piztuta” jarraitzen duela esan du, eta horregatik margotu dutela horiz Picassoren Guernica koadroaren lanpara, “herrien demokrazia nahiaren sinbolo gisa”. Gure Esku Dagok argi hori piztuta jarraitzeko konpromisoa hartu du: “Demokraziaren argi sinbolikoa eskuetan, euskal lurraldeetan erabakiaren bidean aurrera egiteko deia egin nahi dugu gaur ere. Elkarrekin, eztabaidak sustatuz, anbizioz, geure buruari mugak jarri gabe. Eta noski herritarrei azken hitza emanez”. “Iazko irailean, milaka lagun Kataluniako erreferenduma babestera kaleratu ginen. Argi izan genuen ariketa demokratiko hura babestu behar zela; herritarren nahia bozkatzea zela, eta botoa emateko aukera bermatu behar zela. Urriaren 1ean milaka euskaldun Kataluniako bozkalekuetan izan ginen. Lekuko eta babesle”, gogora ekarri du Zubeldiak. Orduan ikusitako Katalanen determinazioa, kemena, bozkatzeko ilusioa, antolakuntza gaitasuna eta indarkeriak sortutako amorruari aurre egiteko gaitasuna ahaztezinak bezain eredugarriak direla azpimarratu du: “Urriaren 1a mugarri historiko bat da demokrata guztiontzat”. Mugarri hori posible egin zuten guztiei eskertza aitortu diete, bai eta elkartasuna erakutsi ere, “bereziki espetxean eta erbestean daudenei”. Aske nahi dituztelako aske ikusi arte “elkartasunaren oihala ehuntzen jarraituko” dutela esan dute: “Etorkizuna hobea izango baita herrien arteko elkartasunaren gainean eraikitzen bada”.[IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKIAK]
Gure Esku Dagoren kideek gaur esan dutenez, “demokraziaren argia energiaz kargatzen” jarraituko dute, egunero-egunero eta gero eta indar gehiagorekin. Erabakiaren bidea zabaltzeko mezua igorriz, katalanen moduan euskal herritarrek ere bozkatuko dutela azpimarratu dute: “Erronka, asmo eta helburu politikoak bideratzeko tresna politikoak eta demokratikoak behar dira. Euskal herritarrok guri dagozkigun gai guztietan erabaki ahal izateko beharrezko tresnak behar eta nahi ditugu. Ez diogu beldurrik askatasunari; ez eta herri honen etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeari ere. Gure etorkizuna erabakiz askeago izango gara. Bidean gaude; pausoak ematen ari gara”. Herritarrak izan dira gaurko protagonistak, baina, espero moduan Carles Puigdemontek Belgikatik egindako adierazpenek ikusmin handia sortu dute. Gernika-Lumora hurbildutakoei eskerrak emanez hasi du agerraldia. “Momentuoro sentitu zaituztegu; ez diguzue hutsik egin. Eta badakizue beti zuen alboan izango gaituzuela. Zuen berotasuna sentitzen dugu, eta behar dugu. Norbait mobilizatzen denean, txispa hori heldu egiten da, bai kartzeletako ziegetara eta baita ere milaka kilometrora ere. Milloika pertsonengana heltzen da”. Europa demokratikoa izan du hizpide, erabakitzeko eskubidea eta herrien autodeterminaziorako eskubidea errespetatuko duena: “Kataluniak bere eskubidea gauzatu zuen, eta hori errespetatzea nahi du. Mobilizatu ziren milioika katalanen eskubidea errespetatzea nahi du. Inoiz ez dugu ahaztuko orduko muturreko biolentzia. Eskerrik asko argi hori pizteagatik. Argi hori hemendik ikus dezakegu, Belgikatik, Eskoziatik, Suitzatik, preso politikoak dauden kartzeletatik… Eta argi horrek piztuta jarraituko du denok askatasuna lortzen dugunean. Gure bihotzean mantenduko dugu argi hori, eta herri guztien askatasunaren eskura izango da beti”. Elkartasuna adierazi, sentitu eta abestu egiten delako, kantuz amaitu dute gaurko ekitaldia. Gorka Knorren Agure zaharra, L’estaca-ren bertsioa eta Mikel Laboaren Txoriak Txori abestuz jarri diote doinua gaurko ekitaldiari. Arratsaldea borobiltzeko drone bidez grabatu dute munduari gaur bidali izan gura dioten irudia.