Eusko Label Liga irabazita, merezitako atsedena hartzeko unea iritsi zaie Urdaibaiko arraunlariei. Hala ere, irabazteko goseagaz jarraitzen dutela dio Joseba Fernandezek.
Hasieratik amaierara lidergoari eutsita, zazpigarren liga lortu duzue. Nola baloratzen duzu?
Lortutakoak argi adierazten du gure arraunlariek lan egiteko daukaten konpromisoa, gogoa eta gosea mantentzen dituztela. Maila altuko arraunlariak ditugu, eta horri jarrera, gosea eta entrenatzeko gogoa gehituta, emaitzetan igarri egiten da.
Kontxako Bandera falta izan zaizue denboraldia borobiltzeko.
Nire ustez, portaera oso gaiztoa izan dute gugaz, gertatutakoa ez zait bidezkoa iruditzen. Gertakizuna ahalik-eta azkarren atzean utzi nahiko nuke, horregaz geratuz gero triste eta haserre aritzea baino ez dugu lortuko eta. Etorkizunean pentsatu behar dugu.
Portugaleteko Banderatik kanpo utzi zintuzten, araudia ez betetzeagatik…
Gure arraunlarien zerrenda sistema barruan sartzen dugu estropaden aurretik. Ezarritako arauak ez baditu betetzen, sistemak atzera botatzen du zerrenda. Beraz, arraunlarien okerreko zerrendatzea gertatzea ezinezkoa izan beharko luke. Sistemak okerreko zerrenda hori onartu zuen, baina, hala ere, nire akatsa izan da, eta ardura guztia nik hartzen dut. Ez dago besterik.
11 banderagaz nagusitasuna agerian utzi duzue. Kontxakoaz gain, beste arantzarik geratu zaizue?
Nahiz eta izugarrizko ahalegina egin, ezin izan genion Bermeoko herriari etxeko bandera eskaini. Kontxa ostean hori egin nahi genuen, une latzetan zelako babesa eman diguten ikusita. Herriak benetan merezi zuen bandera lortzea, baina kirola kirola da.
Urdaibairen entrenatzailea ligaren koroagaz.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Bizkaiko Txapelketa irabazi bai, baina Euskadiko eta Espainiako txapelketetatik esku hutsik bueltatu zarete. Zelan ikusi duzu taldea hiru txapelketa horietan?
Beti egon gara banderen lehian, gehienetan irabazi egin dugu. Euskadiko Txapelketak ihes egin zigun, baina Hondarribiagaz lehian aritu gara azken unera arte, eta Espainiakoan ere antzeko egoera bizi izan dugu Zierbenagaz. Arerioak aldatuz joan dira, baina beti egon gara irabazteko borrokatzen. Txapelketa guztietan azken arraunkadara arte irabazi nahian ibili gara, ezin da gehiago eskatu.
Denboraldi bi bete dituzu Bermeon, eta hurrengoan ere entrenatzailea izango zarela jakinarazi duzu. Bermeotar sentitzen zarela ere adierazi duzu behin baino gehiagotan. Zer eman dizute taldeak, zaleek eta herriak horrela sentitzeko?
Nire emazteari hasiera-hasieratik esan nion Bermeora iritsi bezain laster, herrian ondo sentitzen nintzela. Etxeko bat bezala sentiaraztea lortu dute. Hori ikusita, zaleei ezin diet hutsik egin. Hemen, behintzat, bolada batez egoteko asmoa daukat, herria ados baldin badago. Azken bi urte hauetako lanagaz jarraitu gura dut, eta lortutakoa berdindu edo hobetzeko gai garen ikusteko gogoa daukat. Kirolari bat ezin da daukanagaz konformatu, beti hobetzeko asmoa eduki behar du.
Bi denboraldi, bi liga garaipen. Ze erronka dituzu maila pertsonalean, eta zein helburu ditu taldeak?
Taldeak Kontxako Bandera irabaztea merezi du, aurten denbora onena egin arren ez dugu lortu bandera etxera ekartzea. Hori guztiori ikusita, uste dut behingoagatik taldeak merezi duela bandera etxera ekartzea, eta lortu egin nahi dut. Taldeari zerbait desberdina eskaintzea gustatzen zait, urtero beti errutina beragaz hasi beharrean. Urte osoko lanari etekin handiagoa atera behar diogu.
Une onetan zein txarretan zaleen eta oro har herriaren babesa edukitzea eta sentitzea bandera handi bat irabaztea baino lorpen handiagoa dela azpimarratu zenuen Lamerako harreran. Zer da hemengo afizioa hain berezia egiten duena?
Zaleei buruzko gauza bakar bat nabarmentzea ezinezkoa da. Bermeo estropadetan bere taldea bultzatzeko prest dagoela argi ikusten da, nahiz eta irabazi, nahiz eta galdu, hor dago. Gauzak txarto doazenean talde askok ez daukate halako babesa, halako maitasuna. Zaleak beti daude hor, animatzeko prest, harro sentitzen dira gutaz, eta hori taldeak igartzen duen zerbait da. Ezinezkoa da zein gustura sentitzen garen adieraztea.
Arraunlarien lana askotan goraipatu eta azpimarratu duzu. Nola definituko zenuke taldea?
Umila. Umilak dira, eta horregatik jarraitzen dugu hor goian. Arraunlari handiak dira, noski, atleta izugarriak, baina ematen duten eredua itzela da, benetan nabarmentzekoa. Gure mugak hausteko entrenatzen dugu, eta halako jarreragaz lortzea errazagoa suertatzen da.
Taldean aldaketak egiteko asmoa dago, ala dagoenari eutsi nahi diozue?
Ahal izanez gero, dagoen taldeari eutsi egingo diogu. Urtero egoten dira ezustekoak, eta halakoak gertatzen badira ahal dugun moduan aurre egingo diegu. Neguan harrobiko 8-10 arraunlari taldekideekin entrenatzen jartzeko asmoa daukat. Horrela bakoitzak zelako maila duen aztertuko dut, eta ea benetan Bou Bizkaia-n aritzeko besteko maila duten. Ez diot inori Bermeokoa edo harrobikoa izatearren lehen taldeko postu bat oparituko.