Hizkuntza Eskola Ofizialen ikasturtearen hasiera aprobetxatuta, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak herriko
Hizkuntza Eskola bisitatu du, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariagaz batera.
Bermeoko instalazioak ezagutu dituzte bisitaren bitartez, eta eskolako irakasleekin batera elkartu dira. “Gero eta gizarte globalizatuagoan” Hezkuntza sailak
hizkuntza ikasteari ematen dion “garrantzia” azpimarratu du Uriartek, eta horretarako Hizkuntza Eskola Ofizialek “hainbat hizkuntza ikasi eta ezagutza hori egiaztatzeko aukera” eskaintzen dutela zehaztu du.
Irakasleekin batera batzartu da sailburua.
Bisitagaz, Hizkuntza Eskolek egiten duten «lan ona» nabarmendu nahi izan du Uriartek, eta horien bitartez
hizkuntzak ikastea “bultzatu” egiten dutela. Horrela, Sailaren helburu nagusietako bat hizkuntzak ikasi nahi dituenari “bide hori erraztea” dela adierazi du.
Sailburuaren berbetan, “aberastasun pertsonalaz gain”, hizkuntza berriak ikasteak “prestakuntza hobetu” eta “lan aukerak ugaritu” egiten ditu, eta aldi berean, “lan eskaintzekin loturiko mugikortasun aukerak areagotu” egiten ditu.
Eskaintza zabala. Uriartek zehaztu dutenez, Bermeoko Hizkuntza Eskolak
hamar irakasle ditu. Joan zen ikasturtean
600 ikasle inguru matrikulatu ziren herriko eskolan, eta beste 281 ikaslek matrikula librea egin zuten.
Bermeoko eskolak zehazki
euskara, ingelesa eta frantsesa ikasteko aukera ematen die Busturialdeko ikasleei, eta
C1 mailara arteko ikasketak eskaintzen dituzte aipatutako hiru hizkuntzetan.