Tailerra
Bermeoko Kofradi zaharrean egingo dute,
urriaren 1etik apirilaren 12ra bitartean. Tailerra aurkezteko
barikuan, 19:30ean, leku berean batuko direla adierazi dute antolatzaileek.
Urdaibai Bela Elkarteak antolatuta,
optimist izeneko belaontzi txikien eraikuntza tailerra egingo dute. Tailerrean
12 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, eta ordutegia irekia izango da, astelehenetik barikura, interesa dutenen arabera. Horrez gain, zapatu eta domeka goizetan hiru orduko tailerrak egingo dituzte gurasoek eta seme-alabek batera aritzeko.
Gaizka Uriagereka Urdaibai Bela Elkarteko kideak azaldu duenez, tailer horretan ontzi bat
zelan eraikitzen den ikasiko dute eta eraikuntza prozesuaren barneko alor ezberdinak jorratuko dituzte. Horretarako, hiru pertsonako taldeak egingo dituzte, eta talde bakoitza
2,30 metroko belaontzi txikia eraikitzeko lanetan arituko da.
“Lehenik eta behin, proiektua aztertuko da, parte-hartzaileek planoak zelan interpretatu ikasiko dute, eta horiek zelan aztertu, eskalak ulertzen, neurriak hartzen edo txantiloiak marrazten”, azaldu du Uriagerekak. Bestalde, itsasontziaren parte ezberdinen eta horien erabileraren berri emango dute tailerrean.
Belaontzi txikiak eraikitzen ikasi ahalko da tailerrean. Argazkia: Urdaibai Bela Elkartea
Maketatik belaontzira. Proiektuaren xehetasunak aztertu ondoren, tresna eta material ezberdinak zelan erabiltzen diren irakatsiko dute era praktiko batean: egingo duten belaontziaren maketa bat eraikiko dute lehenik eta behin. Maketa hori ikasle bakoitzak bere etxera eramango du.
Maketa eraikiz ontziaren egitura nolakoa den ikasi ostean,
ikastaroa nabigazioaren munduan barneratuko da. Bela mota eta nabigazio teknika ezberdinak ikusiko dituzte parte-hartzaileek: haizearen erabilera, lainoen interpretazioa edota mareak kontuan hartzen ikasiko dute. Era berean, euskal itsas historia ere landuko dute tailerrean, eta horretarako museoetara bisitak antolatuko dituzte.
“Ikastaro berritzailea eta interesgarria” eskainiko dutela esan du Uriagerekak, eta parte-hartzaileek belaontzi bateko eraikuntza prozesuaren arlo ezberdinak “era dibertigarri batean” ikasiko dituztela. Bukatzeko, interesa duten pertsona orori izena ematera animatu nahi izan du elkarteko kideak.
Informazio gehiago jaso nahi duenak
info@urdaibaibelaeskola.com helbide elektronikora idatzi edo
605 746 761 telefonora deitu ahalko du.