Muruetako Udalak prestatu du proiektua, Euskadiko Itsasbazter Mugaketen sailarekin batera.
Ontziolen ondoan kokatuta dagoen
portu txikia edo karga-tokia zaharberritzea da proiektuaren helburua. Portua,
dinamita ezizenagaz ezagutzen dena, Urdaibaiko itsasadarraren barnean aurkitzen zen portu bakarra zen, eta
“ondare historiko industrial garrantzitsua” dela adierazi du Jabier Ondarza Muruetako alkateak. Herriarentzako horren leku interesgarria galdu ez dadin jarri dute martxan gunea eraberritzeko egitasmoa,
xede “didaktiko eta kulturala” izanik buruan.
Portua kokatuta dagoen lursailaren arduradunek 2015. urtean uko egin zioten jabetzari, eta hori Euskadiko Itsasbazter Mugaketen sailaren eskuetan geratu da. Ordutik aurrera, Muruetako Udalak gunearen
kontserbazio eta mantentzeari ekiteko gogoa azaldu duen arren, oraintsu arte ez da iritsi Itsasbazter Mugaketekin akordio batera. Akordioan adostu dutenez, Itsasbazter Mugaketak hartuko luke portua eraberritzeko lanen ardura, eta behin hori eginda, etorkizunean gunearen
mantentzea udalaren eskuetan egongo zen.
Ontziralekuetako bat, eta atzean, biltegia.
Eraberritze lan horien barnean, portua kokatuta dagoen gunea egokitu eta kontserbatzeko lanak egitea aurreikusi dute. Horretarako, portuak dituen elementu nagusiak aztertzeko
txosten bat prestatu du udalak, eta gunean nabarmentzekoak diren ezaugarriak zerrendatu dituzte bertan.
Lan nagusia T formako
bi ontziralekuetan egingo dute. Txostenean nabarmentzen dutenez, 11×2 metroko neurria duten hormigoiz egindako bi pareko eraikuntza horiek portuko ezaugarri nagusia dira, eta bertatik betetzen zituzten langileek porturatutako gabarrak. Horiek
berriztu eta oinarria indartzeko obrak egingo dituzte, bisitariak arazorik gabe bertatik ibil daitezen.
Udalak adierazi duenez, ontziralekuetako bat
egoera “oso txarrean” aurkitzen da eta ez dago argi hori mantentzea posiblea izango den. Hala ere, eraikuntza eraistea “azken irtenbidetzat” hartzen dute, eta ahal duten guztia egiteko asmoa dute bi ontziralekuak era egoki batean zaharberritu eta mantentzeko.
Ontziralekuen alboan aurkitzen den biltegiratzeko eraikina ere berriztatutako dutela eman du aditzera alkateak. Zehaztu duenez, eraikinaren hormak bertan behera botatzea aurreikusi dute, eta horrela
inguruak behatzeko aterpe itxura emango diote. Aterpean portuaren inguruko informazioa eskainiko duen
panel informatiboa ere jarriko dute, hurreratzen diren bisitariei ondare horri buruzko historia azaltzeko.
Biltegiaren inguruan zegoen estalpearen aztarnak babestuko dituztela azaldu du Ondarzak, portuak zer nolako tamaina zeukan argi uzteko asmoagaz. “Muruetako karga-tokia gaur egun ikusten dena baino askoz gehiago zela” adierazi dute, eta egingo duten paisai-egokitzapenean gunea ahalik eta errespetu handienagaz berriztatu eta babesteko asmoa erakutsi dute.
Ontzitegiaren aztarnak mantenduko dituzte.
Azkenik, ontzitegiaren aztarnak ere mantenduko dituztela zehaztu du alkateak. Horrez gain, portuko horma guztian aurkitzen diren burdinezko uztaiei garbitzeko trataera bat emango diete. Proiektuaren aurrekontua guztira 154.986,71 eurokoa izango dela aurreikusi du udalak, baina diru laguntza gehiago jasotzeko itxaroten ari direla eman du aditzera: “Bizkaiko Foru Aldundiari proiektua aurkeztekotan gaude”.
Gune kulturala. Portua bera eraberritzeko lanez gain,
udalak gunea herriagaz lotzeko asmoa duela adierazi du. Gaur egun gunera iristeko bidea ez da aproposa, eta hori konpondu egin nahi dute. Horretarako, Murueta eta Gernika-Lumo batzen dituen
Urdaibaiko itsasadarraren ondotik igarotzen den pasabidea portua aurkitzen den gunera arte luzatzeko proposamena egin dute. Pasabide horren bitartez, biztanleriari portura era erraz batean sartzeko aukera eskaini nahi dio udalak.
Aldi berean, itsasadarreko gune hori leku kultural eta didaktiko bilakatu nahi dute. Portua bisitatzeaz gain, Busturiko zeramika
fabrikan lanak egiteko erabiltzen ziren labeak eta tximiniak inguru horretan daudela aprobetxatuko dute, elementu guztiak ibilbide berean batuz. Horrela, Urdaibaiko historiaren zati bat ezagutzera ematea bilatuko dute, “leku pribilegiatu” hori publikora zabalduta. Portuan bezala, beste elementuentzako informazio guneak jarriko dituztela zehaztu dute.
1902an jaiotako portua. Portuaren sorkuntza joan den mendeko hasieran eman zen, 1902an, hain zuzen ere. Trenbidea Sukarrietara arte iristen zenean Galdakaotik ekartzen zen dinamita eta lehergaiak ahalik eta modu seguruenean garraiatzeko, bide bezala erabaki zuten portua sortzea. Horrela, Muruetako portutik
gabarraren bitartez dinamita Arketara arte eramaten zuten. Hortik, itsasontzietan garraiatzen zituzten aipatutako lehergaiak, helmuga desberdinekin: Bilbo, Santander edo Bartzelonara arte eramaten zuten zama hori.
Hasiera batean, portuak egurrezko eraikuntzekin eginda zegoen. 1937. urtean, lehergaiak garraiatzeko lanak arindu eta errazteko asmoz, gaur egun ikusi daitekeen portua eraberritzeko lanak hasi zituzten, eta
1944. urtean bukatu zituzten. 60. hamarkadan, errepideetako azpiegitura modernoekin batera, lehergaiak kamioien bitartzen garraiatzen hasi ziren, eta portua bertan behera geratu zen.