GED-k antolatutako ekimena «elkarlanean» egin gura dute
Gure Esku Dago-k ekimen nazionala gauzatuko du irailaren 29an, Gernika-Lumon, eta herriko hainbat eragilek bat egin dute deialdiagaz. Horrela, «elkarlanean» ekimenean parte hartzeko deia egin diete herritarrei eta eragile sozialei.Agerraldi jendetsua...
Agerraldi jendetsua egin zuten zapatu eguerdian, Astra kultur zentroan, eta asteon Astra alboko aparkalekura bertaratzeko eta ekimenaren prestaketetan parte hartzeko deia egin zieten herrikideei: «Gernikako bizilagunen artean obra kolektibo bat sortzen ari gara, eta hilaren 29an borobilduko dugu, kutsu artistiko eta politiko handiko ekitaldi berezi batean».
Marraztu daigun gure herriko historia lelopean egin zuten deialdia, eta herritarren parte hartzea garrantzitsua dela aitortu zuten. Gainera, «Gernikako herriak daukan historia aprobetxatuz indarrak batzeko» momentua dela esan zuten, eta herritarrek Kataluniarekiko daukaten elkartasuna erakusteko «aukera paregabea» dela gehitu zuten: «Demokraziaren defentsan, eta Kataluniari, bere preso politikoei, exiliatuei, errepresaliatuei eta haien senideei elkartasuna adierazi nahi diegu gernikarrok».
Barikura arte
Ekimena prestatzeko lanak atzo hasi ziren; hain zuzen ere, Gernikako bizilagunen artean obra kolektibo bat sortzeari ekin zioten, eta irailaren 28ra arte iraungo dutela adierazi zuten asteburuan. Lan hori hilaren 29an egitekoa den ekimenagaz borobilduko dute.
Kataluniako erreferendumaren urteurrena baino egun bat lehenago egingo dute ekimen berezia. Izan ere, oraindik gogoan dute «bozkatu eta euren etorkizuna erabaki nahi zuten herritarren aurka Espainiako estatuak erabilitako indarkeria eta errepresioa». Horregatik, Euskal Herriaren «askatasunaren ikur den leku sinbolikotik» indartsu erantzun nahi diote herritarrek Gure Esku Dagok-k antolatutako ekimenari.