Asteburuan egin duten arrantza kirol proba
Bermeo Tuna World Capital ekimenaren barnean sortu dute.
Bermeo Tuna Tagging Race bezalako ekimena egiten duten lehen aldia izan da Bermeon, eta balantze “oso positiboarekin” itxi dute, probaren arduradunen arabera. Ekimenaren bitartez, “mundu mailan
hegalaburraren kudeaketa jasangarria sustatu” nahi izan dute, baliabide naturala den heinean.
Barikutik domekara bitartean aritu dira hegalaburrak markatzen. Argazkia: AZTI
Proiektuan
Euskal Autonomi Erkidegoko hainbat taldek parte hartu dute. Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, AZTI zentro teknologikoagaz, Atunketari Izoztaileen Elkarteekin, Bermeoko Arrantzale Kofradiagaz eta Campos, Serrats, Arroyabe eta Zallo kontserba enpresekin batera aritu dira elkarlanean.
Arduradunek aditzera eman dutenez, Bermeo Tuna Tagging Race, “ekitaldi aitzindaria” izan da Bizkaiko golkoko hegalaburraren markaketa elektronikorako, kirol arrantzaren barruan. AZTIko biologo talde batek oso
hurbiletik eta une oro ikuskatu zuen hegalaburrak harrapatu eta markatzeko prozesu guztia, eta arrainei tratua ona ematen zaiela segurtatu zuten, parte hartzaileei praktika onak erakusten izan zieten bitartean.
Proban zehar, zientzialariek arrantzatutako aleak itsasora sano eta salbu itzultzen zirela egiaztatu zuten, horien artean probaren
errekorra markatu zuen
185 zentimetro eta 130 kiloko ale bat harrapatu zuten.
Bittor Oroz Bermeo Tuna World Capitaleko lehendakariaren arabera, “hegalaburra markatzeko jardunaldiak agerian uzten du arrantza kirolaren sektorearen ahaleginaren balioa arrantza espezieen iraunkortasunaren alde, eta horrelako arrantza motaren zaleen eta itsasoaren biodibertsitatea eta iraunkortasuna zaintzeko arrantzaren inguruko ikerketaren harremanak sendotzen laguntzen du”.
Lehendakariak zehaztu duenez, jardunaldiak “hegalaburraren biologiari buruzko ezagutzan sakontzen jarraitzea eta arraina kudeatzeko neurrien eraginkortasuna areagotzea” ahalbidetuko du.
Kudeaketa jasangarria. BTWC-en arduradunek jakitera eman dutenez, Seastainable Ventures enpresa katalanagaz akordio batera iritsi dira. Akordioaren bitartez mundu mailan hegalaburraren kudeaketa jasangarria sustatzeko laguntzak jasoko ditu BTWC-ek, proiektu jakin batzuk diseinatzeko, garatzeko eta kudeatzeko. Horien artean
Blue Life Marine Sanctuary izeneko itsasoko bizitzaren babesleku bat garatzeko eredua nabarmendu dute, eta elkarteak Euskadiko kostaldean ezartzeko aukerak baloratzera ematea nahi duela adierazi du.