Bermeotarrak fanfarreak lau hamarkada betetzen ditu aurten. Herriko musikazaleez osaturiko banda txikia Bermeo zein kanpoko herrietako kaleetatik aritu izan da, jaiegunetako giroa beraien doinuekin biziberritzen.
Azkenengo urteetan, musikaren munduak berebiziko garrantzia hartu du Bermeon. Hainbat talde eta artista jaio dira kostaldeko herrian, eta edozein estilotako musika eta doinuekin bete dute Bermeo. Horien artean dago denboran atzera eginez azken lau hamarkadetan herriko kaleak musikaren bidez alaitzen aritu den taldea: Bermeotarrak fanfarrea.
1978. urtean sortutako fanfarrea, etengabean aritu da bai Bermeoko eta bai kanpoko herrietako ekitaldietan parte hartzen; doinu herrikoiekin, jendea dantzan eta abesten jarri dute.
Lagun talde batetik jaio zen; musikarekiko zaletasuna eta ondo pasatzeko asmoa besterik ez zuten taldea sortu zenean.
1987. urteko Arrantzale Egunean egindako kalejira. Argazkia: Bermeotarrak Fanfarrea
Jose Antonio Egia bermeotarrak izan zuen fanfarrea sortzeko ideia. Taldekoek gogoratzen dutenez, askok instrumentuak jotzerako orduan
oinarrizko ezagutzak besterik ez zituzten, “txistua jotetik”. Autodidakta modura hasi zirela diote, beraz, eta partiturak irakurtzea ikasita, fanfarrearako gustukoen zuten instrumentua jotzen ikasten hasi ziren gehienak.
Hamalau bermeotar batuta, fanfarreak ofizialki egindako lehen ekimena 1978ko Olentzeroren ibilaldia izan zen. Ordutik, urtero
herriko egun nagusietako giroa alaitzen aritu izan dira: San Juan bezperan, Madalen bezpera eta egunean, andramarietan, Santa Zezilia egunean, Errege egunaren bezperan, Aste Santuko prozesioetan edota aratuzteetan.
Hainbat
kontzertu berezi jo dituzte ibilbide luzean, eta Oskorri taldeagaz batera egindakoa ilusio handiagaz gogoratzen dute: “Eguraldi txarra egin zuen egun hartan, eta horregatik ez genuen ia inor izan publiko bezala. Hala ere, gure moduko fanfarrea txiki batek Oskorri bezalako talde famatuagaz batera jotzea oso polita izan zen guretzat”.
Fanfarreko kideak 1979. urtean Bermeoko Sukalki Egunean. Argazkia: Bermeotarrak Fanfarrea
Sorterrian bakarrik geratu beharrean,
kanpoan jotzera ere iritsi dira behin baino gehiagotan. Gasteizen, Donibane Lohizunen eta Errioxan jotzen aritutakoak dira taldekoak, baina herri kanpoan jotako kalejira nabarmenena Bilboko jaietan egindakoa dela diote, fanfarrea sortu eta urte gutxira.
Banda txikia. 40 urte igarota, taldeak berean jarraitzen du. Kide batzuk joan, eta beste batzuk etorrita, hasieran izan zuten antzeko taldekide kopurua daukatela diote: “Gaur egun,
hamazazpi musikazalek osatzen dute taldea: lau perkusionistak, tubak, tronboi bik, bonbardinoak, tronpeta bik, saxofoi tenoreak, saxofoi altuak eta bost klarinetek”.
Klarineteen erabilpenak taldea beste fanfarreengandik bereizten dutela diote, soinua “finagoa” dela (fanfarrea baten instrumentuak zaratatsuagoak izaten ohi dira). Hala ere, bost klarinetegaz instrumentua entzutea lortzen dute,
ukitu berezi bat emanez. Errepertorioan, doinu herrikoiak zein modernoak batzen dituzte, nagusi zein gazteei ondo pasatzeko aukera emateko kalejiran ari diren bitartean.
Nabarmendu dutenez, kideek
zaletasun hutsarengatik jotzen dute fanfarrean. Ez dute inolako ordainsaririk gura kaleetatik musika jotzen aritzearren, eta lortzen duten diru guztia taldeak bizirik jarrai dezan laguntzeko dela diote, harro: “Batutako ia diru guztia instrumentuak zaintzeko erabiltzen dugu, eta asko jota Santa Zezilia egunean urtero egiten dugun afariaren zati bat ordaintzeko erabiltzen ditugu soberakinak”.
Ibilbide luzea egin duten arren, kalejiretan aritzeko ilusioa barnean gordeta daukate Bermeotarrak fanfarreakoek, eta askotan “erritmoa mantentzea zaila” egiten bazaie ere, argi daukate ahal duten bitartean, “gogo handiz” jarraituko dutela jotzen.