Urdaibai Portugaleteko banderatik kanporatu dute, araudia ez betetzeagatik
Domekako Eusko Label Ligako azken jardunaldian, Portugaleteko XLIV Bandera El Corte Inglesen Urdaibai Aviak hamalauko okerra erabili zuela jakitera eman du gaur Traineruen Kluben Elkarteak.
Lehiaketa Araudiko 34.3 artikuluak dion bezala, gutxienez zazpi arraunlari propio izan behar dira hasierako hamalaukoan, eta diotenez, talde bermeotarrak erabilitakoan sei izan ziren bakarrik.
Gauzak horrela, TKEeko Lehiaketako Epaile Bakarrak, eta Lehiaketa Araudiko 34.3 artikuluaren arabera, Urdaibai Avia kanporatuta gelditu da XLIV Bandera El Corte Inglesetik eta beraz, jardunaldi hartan egindako bosgarren postuagatik lortutako puntuak eta sariak galdu ditu.
Bermeoko klubak bi egun ditu helegiteak jartzeko. Hala ere, argitu dutenez, zigor honek ez du aldaketarik eragin ez sailkapen orokorrean ezta Eusko Label Ligako titulua lortzean.